Espetxera bidali dituzte Legazpin gizon bat hiltzea leporatutako bi gazteak
Legazpiko jaien hasierako gertakarietan, gizonezko bat hiltzea leporatuta atxilotu zituzten bi gazteak –19 eta 30 urtekoak– kartzelara bidali ditu epaileak. Gertakarien ondoren atxilotu zituzten bi gazteak; haietako bati, erasotutako gizonaren dokumentazioa eta bankuko txartela antzeman zizkioten, Ertzaintzak azaldu duenez. Epailearen aurretik pasa ondoren, aske utzi zituen epaileak, baina frogak ikusita, atzera atxilotzeko agindu eta Martuteneko presondegira bidali zituen.
Larunbat goizaldeko 03:00etan izan zen gertaera. Bi gazte 50 urteko gizonezko bati lapurreta egiten saiatu eta eraso egin zioten. Kolpe larriekin artatu zuten larrialdi zerbitzuek, eta koma egoeran eraman zuten ospitalera. Larunbat arratsaldean hil zen.
Udalak, egoera salatzeko batzar berezia egin zuen atzo, eta erasoa salatu zuten: “Hauek ez dira Legazpin nahi ditugun festak”. . Arratsaldean, hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu zuten eta mila lagun inguru elkartu ziren.