Herri kirolak izango dira 19:00etan, eta gauean danborrada.
Herriko abeltzainek Latxartegiko parkean jarri dituzte ikusgai beren abereak. / Arg.: Maialen Igartua
Aurrera doaz Legazpiko Santikutz jaiak. Goizean zehar ganadu feria izan dute Latxartegiko parkean. Herriko abeltzainek behiak, behorrak, zaldiak eta ahuntzak jarri dituzte ikusgai, eta artisauen postuak ere bazeuden. Eguraldia lagun izan dute, eta jende modoxka bildu da.
Kale Nagusian, berriz, Gure Esku Dagoko kideek
arkumea erre dute burruntzian, eta pintxoak banatu dituzte. Sagardo dastaketa ere egin dute. Bitartean, plazan,
haurrak ponietan ibili dira.
Arratsaldean herri kirolak eta gauean danborrada
Arratsaldean, 19:00etan, herri kirol jaialdia egingo dute plazan. Trontzan, Nerea Sorondo, Amaia Garcia, Leire Astiazaran eta Isaso Onsalo izango dira. Harri jasotzen, Idoia Etxeberria. Aizkoran, Ruben Saralegi eta Iker Vicente. Aizkora altueran, Jose Mari Esnaola.
Bestalde, gaueko hamaiketan danborrada aterako da Laubidetik. Aurten,
Argentinako talde batek ere parte hartuko du.
Bihar
Santikutz eguna ospatuko dute, jaietako egun handia. 12:00etan izango da ekitaldi nagusia. Olaria saria emango diote Cesareo De la Presari: urtetan herriko bake epailea izana, eta Buztintegi elkarteko lehendakaria. Gero, soka dantza dantzatuko du udal korporazioak.