Leire Tobar, urrezko dominarekin.
Gipuzkoako Atletismo Txapelketa jokatu dute asteburuan Donostian, infantil eta alebin mailan, eta Txindoki atletismoko gazteek emaitza onak lortu dituzte. Leire Tobarrek “sekulako erakustaldia” eman du, hiru probatan domina bana lortuta. Hesietako 220 metroko proban, urrezko domina eta Gipuzkoako txapela lortu zituen ataundarrak; 80 metrokoan zilarrezko domina irabazi duen eta altuera jauzian, brontzezkoa. Leire Mendizabalek ere urrezko domina lortu zuen altuera jauzian, bide batez, 1,50 metroko marka jarrita.
Gainontzeko probetan, dominarik lortu ez bazuten ere, Txindoki taldekoak gustura agertu dira atleta gazteek egindako lanarekin. 1.000 metroko lasterketan, Intza Urrestarazuk seigarren marka onena (3:28) egin zuen, eta Maddi Lopetegik bederatzigarrena (3:34). Irne Apaolazak ere bederatzigarren denborarik onena egin zuen 80 metrokoan, eta finalaren atarian gelditu zen. Irati Esnaolak berriz, bere seriea irabazi zuen 220 metroko hesietan.