1.100 korrikalarik eman dute izena jada Ehunmilak-eko hiru probetan
1.100 korrikalarik eman dute izena jada Ehunmilak-eko hiru probetan –l.agirre Ekainaren 2an itxiko da uztailaren 8tik 10era bitartean Beasainen jokatuko diren Ehunmilak (168 km), Goierriko Bi Handiak (88 km) eta Marimurumendi Mendi Maratoian (42 km) parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Hilabete eskas faltan, dagoeneko 1.100 korrikalarik eman dute izena. Beste 205, itxaron zerrendan daude dortsala eskuratu zain. Iaz, garai honetan, 922 ziren izena emandakoak.
Ehunmilak ultra trail proban oraindik badago izena emateko aukera. 500 dortsaleko muga dute jarrita eta 350 lagunek eman dute izena (iaz 272 atera ziren). «Gainera herrialde ugaritako korrikalariak daude izena emanda», diote antolatzaileek.
Aurten arrakastarik handiena izan duen proba Goierriko Bi Handiak da. Azaroaren 5ean izena emateko epea ireki eta urtarrilerako bete zen probarako izena ematearen 500 korrikalariren muga. 179 korrikalari itxaron zerrendan daude, gainera. Iaz sortu zuten Marimurumendi maratoia ere eta bigarren ediziorako izen ematearen kupoa (250 korrikalari) martxoan bete zen. Proba honetan ere itxaron zerrenda osatzen ari dira. Momentuan, 26 lagun daude dortsalaren zain. Euskal Herriko mendi lasterketen koparako puntuagarria izango da aurten.
Boluntarioen lana
Antolatzaileen ustez, arrakastaren gakoa boluntarioen lanean dago: «Ibilbidearen gogortasuna eta distantzia erakargarria da, etaatzerriko bi probatarako puntuagarria izatea amu ona da korrikalarientzat. Baina korrikalariek gehiena baloratzen dutena antolakuntzaren aldetik jasotzen duen gertutasuna eta babesa da. 1.400 boluntario hainbeste orduz lasterketa bat antolatzen egotea». Maiatzaren 17an irekiko dute izena emateko epea, www. ehunmilak.com webgunean.