Segurako Liburu Truke Azoka, arrakastatsua
Aurten lehenengo aldiz Seguran egin den Bigarren eskuko I. Liburu Truke Azokaren balorazioa egin du Segurako Udalak. “1.000 tiket sortu genituen, espektatiba altuak jarri genituela uste izanez, baina ez. Herritarrekin 900 tiket baino gehiago trukatu ziren, bakoitzak bere etxeko bildumatik ekarritako liburuengatik. Azokan zehar, bueltan 800 tiket itzuli zizkiguten”, dio Axier Alustiza zinegotziak.
Era horretan, emaitzarekin oso gustura daudela diote: “Lehen aldi honetan herritarrek oso ongi erantzun zuten. Oso aberatsa eta polita izan zen ostiral arratsaldean haurrak liburuekin herriko plazan ikustea, elkarri liburuak erakutsiz eta ipuinak kontatuz”. Era horretan, eskolako irakasleen lankidetza eskertu eta zoriondu nahi izan dituzte.
Larunbatean, berriz, jende helduaren parte hartzea handiagoa izan zela zehaztu dute. Liburuak salduz, azkenik, 70 euro eskuratu zituztela jakinarazi dute: “Herriko Caritasentzat izango da diru hori, herritarren beharretarako erabiltzeko”.
Bestalde, Scrapbook tailerrean 30 haurrek hartu zuten parte eta arratsaldeko antzerkian, 60 lagunek.
Beste bi ondorio ere atera dituzte I. liburu truke azokatik. Batetik, “trukerako jasotako liburuen gehiengo handiena emakumeek eskaini zuten”. Eta bestetik, “hizkuntzari dagokionean, haurrek eskainitako liburuak euskaraz ziren gehienbat. Helduen kasuan, euskara eta gaztelera orekatuta egon ziren. Helduek nobelak eskaini zituzten batez ere”.