Astelehenetik ostegunera hitzaldiak egingo dituzte kultur etxean 19:00etan. Patata tortilla lehiaketarako eta San Ixidro eguneko herri bazkarirako izena eman behar da Ostatua eta Mandioan

Orain arte udazkenean egin izan den kultur astea, udaberrian egingo da aurten. Bihar, I. Segura-Zerain mendi lasterketarekin hasi, eta maiatzaren 15ean, San Ixidro eguneko bazkariarekin amaituko da. 16:00etan hasiko da mendi lasterketa Segurako plazatik eta Zeraindik barrena pasako da.
Astelehenean, Joxe Ramon Agirre
Marron-en
Mongolia ikus entzunezkoa eskainiko dute. Asteartean, Partzoneriari buruzko hitzaldia egingo du Juan Luis Morguesek. Asteazkenean, energia berriztagarriei buruzko hitzaldia egingo dute Goinerreko kideek. Eta ostegunean,
Euskal estatua imaginatzen gaia landuko du Mikel Saratxok. Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, kultur etxean.
Patata tortilla lehiaketa
Maiatzaren 13an, bi ekitaldi izango dira. Batetik, 16:30etik aurrera, haurren marrazki rallya. Eta bestetik, VII. patata tortilla lehiaketa. Gutxienez biko eta gehienez lauko taldeek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Ostatuan eta Mandioan eman behar da izena hilaren 12a aurretik. Lehiaketaren ondoren, afari merienda egingo dute pilotalekuan bertan.
Maiatzaren 14an, 10:30ean, oraindik zehaztu gabe dagoen tailerra egingo dute.
Bazkariko txartelak salgai
Maiatzaren 15ean, San Ixidro egunarekin amaituko da aurtengo kultur astea. 13:00etan eliz atariko komun publiko berriak inauguratuko dituzte eta 14:00etan herri bazkaria egingo dute. Mendarteko mahastiko zotzak sutarako erabiliz, herriko artzainen arkume jana egingo dute. Txartelak salgai daude 12 euroan, Ostatuan eta Mandioan. Haurrentzat eta jateko ohitura ezberdina dutenentzat menu ezberdina egingo da aukeran.