Helduen danborrada 19:00etan hasiko da Igartzatik. Usurbe Elkarteak 32 upel berri jaso ditu; gainerakoek datozen urteetan jasoko dituzte. Udaltzaingoak festetarako oharrak zabaldu ditu
Danbatekoarekin eta Mariren jaitsierarekin lehertuko da festa gaur Beasainen. Herria prest dago dagoeneko zortzi eguneko festan murgiltzeko eta kanpotik bisitan datozenak eskuzabalik hartzeko.
Larunbatean danbor hotsak izango dira nagusi. Haurren danborrada 12:00etan hasiko da Igartzatik. Helduena ere leku beretik abiatuko da, 19:00etan hasita. Helduen danborradaren kasuan, iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere lau pieza joko dituzte irteeran, Musika Eskolako bandak eta Koskola txarangak lagunduta. Ramon Modesto Aranburu
Txanbo jaio zela 100 urte betetzen direla eta, bere hiru pieza joko dituzte: San Martinen ereserkia, Beasaingo Diana eta Beasaingo Martxa.
Aurten, Usurbe elkarteko konpainiak upel berriak estreinatuko ditu. Loinatz jaietako batzordean erabaki zen danborradako upelen egoera kaxkarra zela eta berriak erostea. Aurten, udalak 32 upel erosi ditu eta ordainketarako danborradako karroza egiteko dagoen dirua erabiliko da. Upel bakoitzak 107 euro balio du baina Agirre Musika tresnak enpresak %10eko beherapena egingo du, udalak 8 urtetako materiala erosteko konpromisoa hartu duelako.
Aurtengo upel berriak Usurbe elkarteak jaso ditu. Datozen urteetan Murumendik, Aitz Zorrotzek, Loinatz abesbatzak, Bareakek, Aizkorrik, Alfilek eta Larrañagak jasoko dituzte. Usurbe elkarteak utzitako upel zaharrak Murumendiri (sei upel) eta Larrañagari (bost) utziko dizkiete.
Danborradaren astearteko entsegu orokorrean lagapen ekintza egin zuten udal ordezkariek plazan.
Albiste honekin lotuta:
UDALTZAINGOAREN OHARRAK
Trafiko etenak
· Erdigunea itxita. Ibilgailuen zirkulaziorako itxita, baimenduentzako izan ezik.
· Zaldizurreta kalea itxita Ordiziarantz. Hilaren 6an eta 13an, 19:00etatik egongo da itxita; hilaren 7an, 18:00etatik aurrera; 9an, 13:00etatik 15:30era eta 18:00etatik aurrera; 14an 12:00etatik goizaldera arte; eta 15ean, 17:00etatik 22:00etara.
Tao eta aparkalekuak
· TAO zerbitzua. Maiatzaren 7an, 9an, 10ean eta 14an ez da TAO zerbitzurik izango.
· Aparkalekua. Bernedo Eneko aparkalekua, Renfeko nasa eta Senpereko aparkalekuak erabiltzeko deia egin dute.
Lapurretak, lehergaiak
· Lapurretak. Batez ere jende multzo handia dagoen tokietan arretaz ibiltzeko aholkatu dute.
· Lehergaiak. Lehergaiek CE marka izan behar dute eta saltzen duten establezimenduak EAEko Gobernuaren Ordezkariaren baimena leku agerian ikusgai eduki beharko du.