Arcelorrek ez duela erabakia aldatuko esan die erakundeei
Arantza Tapia sailburua, Markel Olano ahaldun nagusia eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea Arcelor Mittal enpresaren Europako arduradunekin elkartu dira. Lantegia ez ixteko eskatu diete, baina zuzendaritzako kideek beraien erabakia ez
Arantza Tapia sailburua, Markel Olano ahaldun nagusia eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea Arcelor Mittal enpresaren Europako arduradunekin elkartu dira. Lantegia ez ixteko eskatu diete, baina zuzendaritzako kideek beraien erabakia ez dutela aldatuko erantzun diete.
Bilera Madrilen egin dute, gaur goizean. Tapia, Olano eta Serranorekin batera, Javier Zarraonaindia Industria sailburuordeak eta Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomiko zuzendariak parte hartu dute. Erakundeetako ordezkariek lantegia lehiakorra izateko inbertsioak egiteko laguntza eskaini diete, baina Arcelor Mittaleko arduradunek aukera hori baztertu egin dute. Enpresak alternatiba bakarra eskaini du: inbertitzaile bati lantegia saltzea. Dena den, ez dira erosle baten zain geldituko eta itxiera prozesuarekin aurrera jarraituko dutela esan dute.
Langile batzordea kexu agertu da bileran parte hartzerik izan ez duelako. Erakundeetako ordezkariak aurki elkartuko dira langile batzordearekin, bileran landutakoak azaltzeko eta elkarrekin aztertzeko. Mikel Serrano Zumarragako alkateak bilera «gogorra» izan dela eta «haserre» atera dela esan du. «Ea inbertitzaile talde bat lortzen dugun», gehitu du.
Bestalde, Olaberriko Arcelor Mittaleko langileek mobilizazioak hasi behar dituzte, enpresak lan hitzarmena negoziatzeko borondaterik ez duelako. Langile batzordeak azken hitzarmena iazko abenduan iraungi zela eta ordutik langileen lanaldiak luzatu eta soldatak murriztu dituztela esan du.