Aritz Egeak ez du lortu Izazpiko Igoeran Pello Garinen marka haustea
Egeak 33 minutu behar izan zituen Ezkiotik Izazpira joan etorria egiteko, Garinek baino bi minutu gehiago.
Maialen Igartua
Goierri
Pello Garinek du orain arteko marka Ezkiotik Izazpira igotzen: 31 minutu eta 26 segundo. 1982an jarri zuen marka. Atzo, Ezkioko jaien barruan, marka hori hausteko erronka bota zuten antolatzaileek, baina ez du inork lortu.
Aritz Egeak irabazi zuen lasterketa, baina 33 minutu eta 23 segundo behar izan zituen amaitzeko. Emakumezkoetan, Itsasne Galfarsoro legazpiarrak irabazi zuen, 47 minutu eta 28 segundorekin. Berak jarri du emakumezkoen marka, lehen aldiz parte hartu baitute emakumezkoek.
Sailkapen osoa, herrikrosa.eus webgunean.
Izazpiko Igoerak 1978an egindako apostu batean du jatorria, eta ondorengo urteetan ere antolatu zituzten lasterketak. 1985ean izan zen azkena, eta aurten berreskuratu egin du Ezkioko jai batzordeak. Sari banaketan izan ziren Joxe Aierbe (jatorrizko apostuko irabazlea) eta Pello Garin.
Antolatzaileak gustura geratu dira lasterketako parte hartzaileekin. Hamabost gizonezkok eta bost emakumezkok egin zuten 6,3 kilometroko ibilbidea. Datorren urtean ere berriro antolatzeko asmoa agertu dute.
San Migel jaiak izan dituzte Ezkion
Lasterketa jaien barruan antolatu dute. Ostiralean hasi zituzten jaiak Ezkion, Migeltxo pertsonaiaren jaitsierarekin. Elizako kanpandorretik Argindegi ostatura jaitsi zuten. Atzo, berriz, Migeltxoren agurra egin zuten jaiak amaitzeko. Ander Unzurrunzaga zinegotziaren hitzetan, aurreko urteetan baino jende gehiago ibili da Ezkioko jaietan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.