Lazkaomendiko festak, bi egun goitik
Larunbatean eta igandean ospatu dituzte Lazkaomendin auzoko jaiak, Lazkao eta Zaldibia arteko gainean kulunkan. Larunbatean, Lazkaomendiko 40. Proba txirrindulari lasterketa Xabier Azparrenek (Victor Alvaro Constr.) irabazi zuen, Urko Senperena taldekidearekin helmugan eskutik helduta sartuta. 2:00:48 orduan bukatu zuten 80 kilometroko ibilbidea. Iñigo Altuna (Bazpi) izan zen hirugarren, 36 segundora. 87 txirrindularik bukatu zuten.
Atzo, erromeria giroa, trikitilariak, bertsolariak eta herri kirol ikuskizuna izan ziren. Goi mailako herri kirolariak ekarri zituzten. Itxurrene aurrean erakustaldi dotorea eman zuten, nahiz eta euri zaparradek eta goialdeko haize finak giro desatsegina ekarri zuten. Atutxa II.a, Azurmendi, Mugertza II.a eta Iker Vicente aritu ziren aizkoran, Inaxio Perurena lau harri desberdin jasotzen.