Legazpiko enpresa bateko hiru kargudun zigortu dituzte lan istripu bategatik
Legazpiko UZ Kooperatibako zuzendaria eta beste bi arduradun zigortu ditu Donostiako auzitegi batek, 2009an izandako lan istripu bat dela eta. Epaileak sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri die, baina aurrekaririk ez dutenez, ez dute espetxera joan beharrik izango; horren ordez, auzipetu bakoitzak 2.016 euroko isuna ordaindu beharko du. Autoak hainbat irregulartasun izan zirela jasotzen du, eta ez zela behar bezala neurtu material horiek garraiatzeko moduak izan zezakeen arriskua.
Autobusentzako karrozeriak egiten ditu enpresak, eta zauritutako langilea, autobusaren sapaiko piezak mugitzen ari zen ezbeharra gertatu zenean. Epaiak jasotzen duenez, zegokiona baino pisu eta forma handiagoko piezak garraiatzen ari ziren, eta karga ez zegoen behar bezala zentratuta. Karga hori langilearen gainera erori zen, zauri larriak eraginez; 55 egun egin zituen ospitalean, eta 890 egun behar izan zituen lesio haietatik errekuperatzeko.
Lan arriskuen prebentzio aldetik ere hainbat gabezia ikusi ditu epaileak. Pieza horien garraioa segurtasunez egiteko neurriak ez zeuden aurreikusita, eta langileak ez zeraman egoera horietarako arropa egokia.
Hori guztia dela eta, enpresaren zuzendaria, segurtasun arduraduna eta lan arriskuen prebentzioko arduraduna zigortu dituzte.