Zaldibiako eraldaketa-gunea martxan jartzeko sinadurak biltzen hasi dira
Nekazaritza arloko Goierriko hainbat eragilek Zaldibiako eraldaketa-gunea martxan jartzeko eskatu zioten duela bi aste Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eskaera horri indar gehiago eman asmoz, sinadura bilketa hasi dute orain, change.org webgunean.
Testuan, baserritarrek beraien “bideragarritasuna, burujabetza zein duintasuna” lortzeko bidean, “transformazio gunearen aukera oso interesgarria” dela deritzote, “nork bere ekoizpena transformatzeko” eta salmenta zuzena bultzatzeko. Gune kolektiboa izaki, “errentagarritasuna hobetzeko irtenbide berriak” eskaintzen dituela uste dute.
Horrez gain, “Zaldibiako transformazio gunea prest” dagoela gogorarazi dute; “azpiegiturak eta makinaria prest daude, martxan jartzea besterik ez da falta”.
Hori guztia dela eta, transformazio gunea martxan jartzeko eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Baita dinamizazio eta kudeaketa lanetarako pertsona bat kontratatzea, eta gunearen kudeaketa “ahalik eta publikoena bermatzea” ere. Gune hori “Gipuzkoa osoari zerbitzua emateko” sortua dela gogorarazi dute, eta “proiektu erreferentzial” bihur daitekeela.
Eskaera horri atxikimendua eman nahi dioten herritarrei, change.org webgunean sartu eta agiria sinatzeko deia egin diete.