Euskal Herriko makina bat herritan eta auzotan baserritarrek ospatzen duten eguna da eta Goierrin ere zenbait tokitan halaxe egingo da.

Idi parearekin erakustaldia, Gabiriako San Isidro egunean.
Igandean, maiatzaren 15ean, San Isidro izango da eta eskualdeko zenbait herritan egun hori ospatzeko ohitura dago. Han eta hemen, makina bat herritan eta auzotan baserritarrek ospatzen duten eguna da. Goierrin, Seguran, Ataunen, Lazkaon, Zerainen, Zaldibin eta Gabirian hainbat ekitaldi egongo dira.
Seguran, Herriko elkarteak eta Udalak antolaturik, egun osorako ekitaldi programa izango da. 10:30ean hasita. Museoen Nazioarteko Eguna hilaren 18an denez, Kultur Etxean bideoa ikusi eta ondoren Segurako hegaztiak ezagutzeko ibilaldia egingo da. Arratsaldean, berriz, buruhandiak eta pilota partidak izango dira frontoi zaharrean. Eguraldi txarra bada Baratze pilotalekuan egingo dira. Amaia Irazustabarrena eta Garazi Jauregi, Amaia Araiztegi eta Maider Huiziren aurka arituko dira palaz. Eskuz binaka, Iñigo Intxausti eta Xanet Imaz, Iban Matxinandiarena eta Aitor Elizegiren aurka. 18:30ean bola tiraldiak egingo dira. 20:00etan, Imanol eta Unai trikitilariek girotuko dute ardo partitzea eta ondoren, herri afaria.

San Isidro eguneko azoka Ataunen
Ataunen, 11:00etan emango zaio irekiera azokari; aurten, San Gregorio auzoan egingo dituzte ospakizunak. Herriko gazta dastaketa, haurrentzako gaileta tailerra eta barazki eta ziza lehiaketa izango dira. 12:00etan sukaldaritza erakustaldia izango da. Otsoak dantza taldekoak eta Kantu Poteoa taldekoak kaletik ibiliko dira goiza girotzen. 13:30ean jakingo dira barazki eta ziza lehiaketetako irabazleen izenak, eta 14:00etan, bazkaria Pelotazale elkartean.
Gabirian ere, Zaldibian bezala bazkaria egingo dute San Isidro egunean. 14:00etan bilduko dira baserritarrak Korta jatetxean euren patroiaren egunean.
Bukatzeko,
Gaintzan, arratsaldeko 20:00etan San Isidro meza ospatuko dute. Ondoren, herri afaria egingo dute Kale Txikin.
Lazkaon, meza ospatuko dute Lazkaomendiko ermitan 12:30ean, eta gero, 14:00etan, bazkaria egingo dute auzoan bertan, Lartxai elkartean.
Ezkion eta Itsason, bakoitzak bere aldetik egiten du baserritarren eguneko otordua. Itsasoarrak ostatuan bilkuko dira, 14:00ak aldera; Ezkiokoek berriz, Argindegin egingo dute otordua.
Zerainen ere ospatuko dute San Isidro. 14:00etan herri bazkaria izango da. Mendarteko mahastiko zotzak sutarako erabiliz, herriko artzainen arkume jana egingo da. Haurrentzako eta jateko ohitura ezberdina dutenentzako menu ezberdina egongo da. 17:00etatik aurrera erromeria egingo da Barbari auzoko Uxubiko txabolan. Bertan soinu jotzaileak, txistulariak, arrabitariak, toka jokoa eta herri kirolak izango dira.
Zaldibian, baserritarren eguna Zelaa jatetxean egingo den bazkariarekin ospatuko dute. 14:00etan elkartuko dira bertan.
Zegaman berriz, meza nagusirako elkartuko dira, 12:00etan.