Erabiliz, hobetu
Urtebete da Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu berria martxan jarri zuela. Goierrin, ia bikoiztu egin da erabiltzaile kopurua. Batez ere, herri ...
Urtebete da Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu berria martxan jarri zuela. Goierrin, ia bikoiztu egin da erabiltzaile kopurua. Batez ere, herri txikiei eragin die aldaketak. Apirilean berriro ere doitu du zerbitzua Aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak apostu garrantzitsua egin zuen iaz lurraldeko autobus zerbitzua hobetzeko. Urtebetez herritarren ekarpenak jaso eta aztertu ondoren, linea berriak jarri zituzten, beste linea batzuk herritarren beharretara egokitu, eta maiztasuna areagotu. Helburua garbia zen: garraio publikoaren erabilera areagotzea. Urtebete honetako datuei begiratuta, garbi dago, Goierrin behintzat, lortu dutela helburua.
Foru Aldundiak indar berezia jarri zuen Goierriko 22 herrietan. Herritarrekin egindako parte hartze prozesuaren ondoren argitaratutako txostenean, Aldundiak hala zioen: «Goierri da autobus zerbitzua gutxien erabiltzen duen eskualdea, baina ekainetik aurrera egoera hori aldatzeko asmoa dago».
Autobus zerbitzu berria martxan jarri zela urtebete pasa den honetan, datuek argi uzten dute Aldundiaren helburua aise bete dela. Aldaketaren aurreko erabiltzaile kopurua eta gaur egungoa alderatu baino ez dago autobusen erabilera nabarmen igo dela ohartzeko. Aldundiak helarazitako datuen arabera, iazko maiatzean, 25.596 goierritarrek erabiltzen zuten autobus zerbitzua. Aurtengo martxoan, berriz, 46.574 erabiltzaile zenbatu dira. Beraz, esan daiteke erabiltzaile kopurua ia bikoiztu egin dela. Nabarmentzekoa da aldaketa egin bezain pronto hasi zela igoera nabaritzen, eta iazko azaroan, dagoeneko, 49.266 lagunek erabili zuten autobusa.
Herri txikietarako onura
Erabiltzaile kopurua handitzeko giltzetako bat herri txikietako zerbitzua indartzea izan da, herri nagusienekiko komunikazioa hobetuz. Zerbitzu berriarekin, herri txikienetaraino iristen da autobusa. Ezkio-Itsasoren kasuan, esaterako, Ezkioko herriguneraino igotzen da, baita Itsasoko herriguneraino ere. Lehen, Santa Lutzi auzotik baino ez zen pasatzen. Gainontzeko herri txikiak ere Beasainekin zein Ordiziarekin komunikatu dituzte.
Herri txikietako bizilagunei autonomia eman die autobus zerbitzu berriak, eta autoarekiko dependentzia txikiagoa. Batetik, linea gehiago jarri dituztelako. Bestetik, lehengo linea batzuen maiztasuna era nabarmenean areagotu dutelako.
Maiztasunari dagokionez, herri txikietan bakarrik ez, handietan ere nabaritu da aldaketa. Ordizia, Beasain eta Lazkaoren artean, hamabost minututik behin dago autobusen bat.
Bestetik, erabiltzaileen eskariei erantzunez, autobusen ordutegiak Renfeko trenen ordutegiekin koordinatzeko ahalegin berezia egin du Foru Aldundiak, batez ere, Donostiarako norabidean. Izan ere, hiriburuekiko lotura hobetzea zen zerbitzu berrituaren helburuetako bat.
Era berean, autobus linea ezberdinen arteko koordinazioa ere doitu dute. Batez ere, Ospitalera doan autobusarekin hobetu dute koordinazioa, horixe baitzen herritarrek atzemandako gabezia handienetako bat.
Ospitalearekin lotura
Zumarragako Ospitaleak eskualde osoari zerbitzua ematen dionez, lotura hobetzea izan dute erronka. Batetik, ospitalerako linearen maiztasuna areagotu dute. Lazkaotik, Ordiziatik, Beasaindik, Ormaiztegitik eta Ezkio-Itsasotik pasatzen da Ospitalerako linea, 70 minutuero. Horrez gain, gainontzeko linea gehienetako ordutegiak ospitaleko linearekin koordinatuta daude.
Erabiltzaile kopuruari begiratuta, badirudi ospitaleko lineak baduela arrakasta. Erabiltzaile gehien dituen zerbitzuetako bat da: hilean hamar mila baino gehiago.
Autobus linea nagusiak
Dena den, Goierri barruan gehien erabiltzen diren bi lineak, zalantzarik gabe, GO-01 eta GO-04 dira. GO-01 da Goierriko linea nagusia, eta ondorengo herriak lotzen ditu: Zegama, Segura, Idiazabal, Olaberria, Beasain, Ordizia eta Zaldibia. GO-04 lineak, berriz, Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Ataun lotzen ditu. Hilean 13.000 erabiltzailetik gora izaten dituzte bi linea horiek.
Gainontzeko linea gehienak ez dira hilean mila erabiltzailera ere iristen, herri txikiagoei ematen dietelako zerbitzua. Erabiltzaile ugari dituzten lineak bezain garrantzitsuak dira, ordea. Bestalde, herri batzuetan eskaripekoa da autobus zerbitzua: herritarren batek aurrez eskatuz gero baino ez du egiten bidaia autobusak. Kasu hori da, esaterako, Gaintzatik Ordiziara doan autobusarena.
Aurtengo aldaketak
Esan bezala, urtebete pasa da zerbitzu berria martxan jarri zutenetik, eta urtebetek ematen du denbora zerbitzuaren balorazio bat egiteko. Hala, apirilean Aldundiak hainbat aldaketa egin ditu autobus zerbitzuan, urtebeteko esperientzian oinarrituta, eskaintza erabiltzaileen beharretara are gehiago doitzeko. Aldaketa horien bidez, zerbitzua «optimizatzea» izan da Aldundiaren helburua.
Hiru aldaketa nagusi egin dituzte. Nabarmenena, Zaldibia eta Zegama arteko GO01 linea nagusian. Azken urtebetean ez bezala, linea horretako autobusa Idiazabalen ere sartzen da apirilaren 4az geroztik. Zegamatik Beasainerako bidea denboran dezente luzatzea eragiten du aldaketa horrek, autobusak bidetik atera beharra duelako Idiazabal herriguneraino sartu eta berriro irtetzeko. Iaz ezarritako zerbitzu berrian, inguruko udalen eta herritarren eskariz erabaki zen linea horretako autobusa Idiazabalen ez geratzea, bidaia laburtzeko, baina aurten lehengo egoerara itzultzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Era berean, Idiazabal eta Lazkao arteko GO-02 linea kendu egin dute. Izan ere, linea nagusia Idiazabaldik pasata, ez dago beharrik. Ez da kendu duten linea bakarra: Lazkao eta Olaberria arteko GO-03 linea erregularra ere bertan behera utzi dute; orain eskaripekoa da zerbitzua.
Aldaketak aldaketa, argi dago autobus zerbitzuan hobekuntzak egiteak eman dituela bere fruituak. Urtebete baino gutxiagoan erabiltzaile kopurua ia bizkoiztea ez da kasualitatea. Aurrerantzean, erabiltzaileen esku egongo da zerbitzua mantentzea, areagotzea edo murriztea. Izan ere, eskaintza zabala eta kalitatezkoa izan dadin, ezinbestekoa da eskaria izatea.
Anthony Nazabal, Altzaga:
«Linea erregularreko eta eskaripeko zerbitzuak ditugu orain Altzagan»
Autobusik ez izatetik, linea erregularreko eta eskaripeko autobus zerbitzua izatera pasatu ziren iaz Altzagan. Anthony Nazabal gazteak asko erabiltzen du autobusa. Nazabalek zehaztu duenez, «lehen ez zegoen autobusik. Batzuek, eskolako autobusa aprobetxatzen zuten asteazkenetan Ordiziako azokara joateko».
Orain, Ordiziara arteko linea erregularreko autobusaz gain, eskaripeko zerbitzuarekin ere aukeran dute altzagarrek. «Ordu erdi lehenago abisatuta, nahi duzun orduan eta lekuan uzten zaitu Ordizian», zehaztu du.
Batez ere, asteburuetan eta oporretan erabiltzen du Nazabalek autobusa eta, autobusari esker orain gertuago du Ordizia: «Lehen oinez ibili behar izaten nuen askotan, eta orain autobusarekin errazagoa da». Neurri batean, bizitza erraztu dio: «Izugarrizko laguntza da».
Autobus zerbitzu berriarekin ere, gurasoek lasaitasun gehiago dute, joan-etorri gutxiago egin behar baitituzte: «Independentzian irabazi dut». Mugi txartelarekin ordaintzen du: «Erosoa da oso, deskontu onak izaten ditugu gainera erabiltzaileok».
Julene Zurutuza, Zegama:
«Orain sarri-sarri daukagu autobusa Zegamatik, oso ondo dago»
Zegamako Julene Zurutuzarentzat eguneroko laguna da autobusa, Zegamatik Beasainera autobusez joaten baita lanera. Iazko aldaketaren ondotik, «orain sarri-sarri daukagu autobusa. Oso ondo dago eta nire ustez orain jende gehiagok erabiltzen du autobusa. Hala ere, autoa erabiltzeko ohitura handia dago, ohiturak aldatzea kosta egiten baita», dio Julene Zurutuzak.
Iazko maiatzetik apirilaren 4ra arte, Idiazabaleraino joan beharrean, Beasainera zuzenean iristen zen autobus linea berriarekin. «15-20 minutuan Beasainen izaten nintzen», dio Zurutuzak. Baina apirilaren 4an egindako egokitzapenekin, berriz ere Idiazabaldik barrena joaten da autobusa: «7-10 minutu gehiago pasatzen ditut orain», zehaztu du. «Pagotxa ederra izan da guretzat Idiazabaldik pasatu behar ez izatea. Baina nik ulertzen dut, hainbeste linea berri jarrita, eta jendeak ez badu erabiltzen, normala da linearen bat kentzea. Baina autobus zerbitzua mantentzea erabiltzaileon esku dago. Zenbat eta gehiago erabili, hobeto». Mugi txartela ere oso egokia iruditzen zaio: «Zenbat eta gehiago erabili, deskontuak ditugu bidaietan».
Maribel Gomez, Beasain:
«Orduero daukagu Zumarragako ospitalera joateko autobusa»
Lazkao, Ordizia, Beasain, Ormaiztegi, Ezkio-Itsaso eta Zumagarrako Ospitalera arteko lineak erabiltzaile asko ditu. Herri horietatik orduero dago Zumarragara joan eta handik itzultzeko autobusa.
Maribel Gomez beasaindarra linea horren erabiltzailea da. «Azken aldian Zumarragako ospitalera etortzea sarri tokatzen zait, eta ospitaleko autobusa hartzen dut Beasainen, aparkatzeko arazo handia dago eta», azpimarratu du.
Autobus zerbitzu hori ez zegoenean, «batek eraman eta besteak ekarri ibiltzen ginen. Orain, berriz, orduero daukagu». Hori bai, proposamen bat egin du Gomezek, zerbitzua oraindik ere gehiago hobetzeko: «Orduerdiero jarriko balute hobeto, askotan zain egon beharrean egoten gara eta».
Beasaindarraren esanetan, jende askok erabiltzen du ospitalera joateko garraio publikoa, «beteta ibiltzen dira gehienetan».
Lurraldebus eta Mugi txartelak ditu Maribel Gomenezek, eta haren ustez, prezio hobeak eskuratzearekin batera, «oso erosoa da txartelarekin ordaintzea».
Garikoitz Aiesta, Ezkio-Itsasoko alkatea:
«Herri txikientzako izugarria izan da, konektibitatean irabazi dugu»
Gabiria, Ormaiztegi, Alegi, Itsaso, Santa Lutzi, Ezkio, Zumarraga linea erregularra lorpen handia izan da Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkatearen ustez. Ezkio-Itsasoren kasuan, lehen beheko auzoetan bakarrik gelditzen zen Zumarragara zihoan autobusa, eta orain, berriz, herri kaskoetara joan-etorrian ibiltzen da etengabe autobusa. «Lehen beheko errepidean bakarrik gelditzen zen autobusa, eta autoz jaitsi behar izaten zen beheko errepidera autobusa hartzera. Baina orain Itsasoraino eta Ezkioraino ere igotzen da. Menpekotasun handia egon izan da orain arte», nabarmendu du Aiestak.
Maiztasun handiko mikrobusaren zerbitzuarekin, gertuagoa dute hirigunea ezkiotarrek eta itsasoarrek. Herritar guztien beharretara egokituko den ordutegia zehaztea zaila bada ere, herri txikien onerako izan da autobus zerbitzu berria: «Herri txikientzako izugarria da, konektibitatean irabazi dugu».
Horrelako zerbitzu bat lortzea asko kostatu dela gogoratu du Aiestak, eta gal ez dadin, beraz, garrantzitsua ikusten du erabiltzaileak zerbitzuaz baliatzea.