Lege zaharreko erromeria egin dute Zerainen
Garai bateko erromeria biziberrituz ospatu zuen atzo baserritarren eguna Zerainlabek Zerainen. Hasiera batean, Barbari auzoan egitekoa zen erromeria, Urubiko bilera lekuan. Baina bezperako euriagatik, herri gunetik gertu dagoen Burgomendin, garai bateko bilera lekuan, San Blas ermitaren ondoan egin zuten.
Erromeriaren aurretik, herri kirol saioa egin zuten herriko hainbat gaztek: aizkolariak, txinga eramatea eta butano bonbonarekin korrika.
Ondoren dantzarako aukera izan zen.
Toka-jokoa ere egin zuten. 50 parte hartzaile baino gehiago aritu ziren eta azkenean Andoni Alustiza gaztea izan zen garaile 8tik 5 jota.
Indarrak hartzeko askaria egin eta iluntzera arte jarraitu zuen erromeriak, dantza, tertulia eta festa giroan. ZerainLabetik jakinarazi dutenez, “ume, gaztetxo, gazte, heldu eta adineko” elkartu ziren. “Gehienak herritarrak, baina kanpotik animatu ziren bisitari batzuk ere. Guztira 80 lagunetik gora elkartu ginen Burgomendin. Eta eguraldiarekin beldurra bagenuen ere, azkenean lagun izan zen”.