LGTBI kolektiboaren kontrako jarrerak hizpide, Josebe Iturriotzen hitzaldian
Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Eguna da maiatzaren 17a, eta horren harira, Josebe Iturriotzek hitzaldia egingo du bihar, Beasaingo Institutu Publikoan. Beasaingo Udaleko Hezkuntza eta Berdintasun Sailak antolatu du hizketaldia, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta. Ordu erdi inguruko bi saio egingo ditu, bata 11:15ean eta bestea 12:45ean. Josebe Iturriotz ordiziarra Filosofian luzentziatua da, eta egun, Berdintasun Agente moduan eta Medeak talde feministan aritzen da.
Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen 1990eko maiatzaren 17an. Sexu eta identitate joera ezberdinak onartzeko lehen pausotzat hartzen da data hori; horregatik izendatu zuten Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Eguna. Arlo honetan aurrerapen asko izan dira azken urteetan, baina antolatzaileek azaldu dutenez, LGTBI kolektiboak (gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualak) “diskriminazioa, estigmatizazioa eta bortizkeria jasatzen” jarraitzen du.