Filipinak kaleko 22 zenbakiaren inguruan eta Majori 6. zenbakiaren parean semaforoak jarriko dituzte. Radar mugikorra gaur bertan hasiko da abiadura kontrolatzen.

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurri berriak hartu ditu Ordiziako Udalak. Trafikoa lasaitzeko, badaezpadako neurriak izango dira. Auzoz auzo herritarrekin urte hasieran egindako bileren ondoren azaldutako eskaerei erantzunez hartu du erabakia udalak. Batez ere eskola inguruetako kaleetan bizi diren herritarren kexak jaso dira azkeneko hilabeteetan. Abiadura errespetatzea kosta egiten zaie gidariei, eta oinezkoek segurtasun faltaren sentsazioa dutela sumatzen du udalak.
Gogoratu behar da udalerrian orduko 30 kilometroko abiadura ezin dela gainditu. Hala ere, hori ez da beti errespetzen eta horregatik ezarriko dira Ordizian segurtasun neurri berri horiek.
Bi semaforo jarriko dira
Herritarren eskaerei erantzunez, abiadura mugatzeko neurri nagusia Filipinak kaleko 22. zenbakiaren inguruan jarriko den semaforo finkoa da. Datorren hilabetean jartzeko asmoa du udalak. Trafiko handiko gunea da hori, N-1etik datozenentzat sarbideetako bat baita. Hemen, semaforoa beti gorri egongo da. Filipinak kalera heldu baino lehen dagoen aldapan 30 kilometro orduko abiadura ez bada jeisten, semaforoa gorri mantenduko da. Abiadura gutxiagokoa bada, anbar kolorea piztuko da. Gainera, bideo kamera bat jarriko dute. Horrela, semaforoa errespetatzen den ikusiko da irudietan. Semaforoa errespetatzen ez duenak, argazkiarekin batera isuna jasoko du.
Beste semaforoa, Majori 6. zenbakiaren parean jarriko da. Oinezkoek bidea zeharkatzean botoia sakatu eta gorri jartzen den semaforoa jarri nahi dute. Kasu horretan, udalak eskariari dagozkion tramiteak abian jarri ditu dagoeneko. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko luke semaforoa, honen ardurapekoa baita Zaldibiara daraman errepide hori. Udalak gogora ekarri nahi du Orkli lantegi parean badagoela semaforo bat lehendik eta, hortaz, abiadura motelean ibili behar dela inguru horretan, lantegiez gain etxebizitzak daudelako eta oinezko ugari dabilelako inguruan.
Radar mugikorra
Abiaduraren arazoaz jabetuarazteko, radar mugikor bat erabiliko dute Ordiziako kaleetan gaurtik hasita. Lehengo egun honetan kanpaina informatiboa egiteko izango da. Hau da, abiadura gainditzen dutenak geldiarazi eta ohartarazi egingo dituzte. Radar mugikorra herriko hainbat puntutan geldituko da. Horietan, denbora tarte bat egongo da. 30 kilometro orduko abiadura gainditzen duenari, udaltzainek geldiarazi eta abixua emango diote. Bihartik aurrera, berriz, isunak jartzen hasiko dira gehieneko abiadura gainditu eta radarrak harrapatuz gero. Kasu horretan ere argazkia aterako zaio abiadura errespetatzen ez duenari eta isunarekin batera bidaliko zaio etxera.
Aitor Escalante Ordiziako Udaltzainburuaren hitzetan, «biztanleen aspaldiko eskaera da abiadura errespetatzeko neurriak hartzearena. Oinezkoek segurtasun falta sentitzen dute eta zerbait egin beharra zegoen. Isunetatik jasotzen den diruarekin, segurtasuna hobetzen segitzeko asmoa dugu».