Subeltza kolektiboaren diskoa, labe barruan
Legazpiko Subeltza kolektiboko bederatzi taldek diskoa grabatu dute, elkarlanean. Grabaketa guztiak amaitu dituzte, eta uda ondorenerako diskoa kalean izatea espero dute. Talde bakoitzak abesti bat sortu du.
Bederatzi talde eta bederatzi abesti. Horiek dira Legazpiko Subeltza kolektiboko musika taldeak prestatzen ari diren diskoaren osagai nagusiak. Horiek eta konfiantzazko estudioa, ilusioa eta rock&roll-a. Grabaketak amaitu dituzte dagoeneko, eta uda ondoren diskoa kalean izatea espero dute. Osagaiak labean dira.
Bikuñako lokaletan entseatzen duten bederatzi taldek parte hartu dute diskan: Elbereth, The Nekrobabies, Vancouver, D-Pintxos, K.K., Arraio, John Dealer & The Coconuts, One Way eta Latido. Talde bakoitzak abesti bat sortu du. Noel Calvo Vancouver taldeko kideak azaldu duenez, ez zuten irizpiderik ezarri; bakoitzak nahi izan duen moduko abestia sortu eta grabatu du. «Hori da diskoa interesgarri egingo duena», esan du. «One Wayren rock&roll klasikotik Elberethen metalera doan diskoa izango da». Euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko abestiak grabatu dituzte.
Diskoaren helburua Subeltza kolektiboko taldeek egiten duten lana herritarrei erakustea da. Era berean, kolektibo modura lan egitea eta «esperientzia ahaztezin bat bizitzea» izan dituzte xede. Calvok azaldu duenez, Legazpin aurretik izandako kolektiboek ere izan zuten haien diskoa grabatzeko aukera: Motxorrisimo eta Humel kolektiboek. Tradizio horrekin jarraitu nahi izan du Subeltzak.
«Kolektiboko taldeek egiten duten lana herritarrei erakustea da helburua» «One Wayren rock&roll klasikotik Elberethen metalera doan diskoa izango da» Noel Calvo (Vancouver taldeko kidea)Mutrikuko AME estudioan egin dituzte grabaketak. Talde bakoitzak egun bat izan du bere kanta grabatzeko. Calvoren esanetan, «esperientzia positiboa» izan da. Batzuek ezagutzen zuten grabaketa prozesua dagoeneko, baita Mutrikuko estudioa ere. Izan ere, D-Pintxosek bertan grabatu ditu bere bi diskoak, eta Vancouverrek ere AME estudioan grabatu zuen bere lehena. Beste talde batzuentzat, ordea, estudio batean sartzea esperientzia berria izan da guztiz; esaterako, Arraio taldearentzat. Kolektiboko talderik gazteena da: hemezortzi urte baino ez dituzte taldekideek. Emaitzarekin gustura Abesti guztietako nahasketak eginda daude dagoeneko, eta masterizazio lana baino ez da falta. Data zehatzik eman ez duten arren, uda ondorenerako diskoa labetik ateratzea espero dute. Dagoeneko denek entzun dituzte gainontzeko taldeen abestiak ere, eta egindako lanarekin oso gustura agertu dira. Masterizazio lana amaitzean, diseinua lantzen hasiko dira. Salmentekin lortutako dirua, berriz, diskoaren zati bat finantzatzeko erabiliko dute.













