Gizarte zerbitzuetako zerbitzuak, programak eta laguntzak gidan jaso ditu Beasaingo Udalak
Beasaingo Udaleko Ongizate sailak dituen gizarte zerbitzuetako baliabide, zerbitzu eta programa guztiak liburuxka batean bildu eta herritarren eskura jarri dituzte Gizarte Zerbitzuetako Zerbitzuen, Programen eta Laguntzen Gida-rekin.
Aurreko legealdian hasi ziren gida osatzen eta «egungo udal gobernuak egitasmoarekin bat egin du eta gida argitaratuta hasitako lanari bukaera eman nahi izan dio», adierazi du gaur gidaren aurkezpenean Malu Valles Gizarte Ongizate saileko zinegotziak.
Izan ere, «Beasaingo Udalak herritarren ongizatea bermatzeko konpromsio sendoa hartu du eta Ongizate Gida honek konpromiso hori islatzen du. Gida honek gizarte arretaren etengabeko hobekuntzan laguntzea nahi genuke», gaineratu du.
Hiru ardatz nagusi ditu gidak Karmele Elola teknikariak zehaztu duenez. Batetik, zerbitzuak definitzen dira. Bestetik, gizarte zerbitzuen helburuak zehazten dira. Eta hirugarrengoan, modu zehaztuan deskribatezn dira sailetik eskaintzen diren zerbitzu, programa eta laguntza guztiak. Baliabide bakoitza nori zuzendua dagoen ere zehazten da. «Askotan herritarrek ez dakite zein aukera daukaten».
Elebietan argitaratu dute gida eta bihar hasiko dira Beasaingo etxe guztietan banatzen.