Goierriko EH Bilduk igandeko galdeketan parte hartzeko eskatu die goierritarrei, baiezkoa emanez
«Hitzetik ekintzara pasatzeko unea» dela iritzi dio Goierriko EH Bilduk igandeko herri galdeketari. Koalizioak babesa eta sustengua eman dio ekimenari, gaur arratsaldean Beasaingo Igartzan eskualdeko ordezkari eta kargudun ugari bilduta. «Goierritar guztiei ariketa demokratiko honetan parte hartzeko deia egin nahi diegu. EH Bilduk baiezkoaren aldeko botoa emango du, eta herritarrak ere horren alde egitera aniimatu nahi ditugu, iritzi guztiak errespetatuz», adierazi du koalizioak, Legorretako alkate Zelai Amenabarrok eta Urretxuko zinegotzi Iñaki Etxanizek irakurritako testuan.
Autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenak 85 urte dituela gogoratu —1931ko apirileko udal eraketetako mozioetan azaldu zen eskaria—, eta «XXI. mendeko gizarte demokratiko bat» eraikitzeko «grina» dagoela baloratu du EH Bilduk, «lotura zaharretatik askatu eta aldaketarako beharra inoiz baino gehiago» dagoela gehituz. Oinarrian erabakitzeko eskubidea jarri behar dela erantsi du koalizioak.
«Erabakitzeko fasean» murgilduta dago gizartea, eta erabakitzeko eskubideak «topaleku» izan behar du. «Gizarte justuago bat eraikitzeko erabaki nahi dugu». Ildo horretan, EH Bilduren apustua independentzia dela gaineratu dute, “inolako zalantzarik gabe, euskal herritarren etorkizuna eta ongizatea bermatuko duen proiektu bakarra dela uste dugulako. Euskal estatu burujabe bateko herritarrak izan nahi dugu”, esan dute, igandeko galdeketako galderari erreferentzia eginez eta erantzuna emanez.