Legorreta Uemako kide izendatu dute Udalerri Euskaldunen Egunean
Legorreta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide larunbataz geroztik. Leitzan ospatu zuten Udalerri Euskaldunen Egunean egindako ekitaldian ofizialdu zuten izendapena. Hala, Uema osatzen duten 76 herrietako bat bihurtu da Legorreta, Goierriko beste sei herrirekin batera. Festa eta aldarrikapena uztartu zituen Leitzako jaialdiak. Goizean, 100 alkate eta zinegotzi inguru elkartu ziren batzar orokorrean. Ondoren, ekitaldia egin zuten Leitzako plazan, euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariekin batera.
Josu Labaka Uemako lehendakariak “euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko elkarlana” sendotu behar dela nabarmendu zuen, Udalerri Euskaldunen Eguna eredu moduan hartuta. Zelai Amenabarro Legorretako alkateak berriz, bai beraientzat, bai Uemarentzat “pauso garrantzitsua” dela azaldu zuen. “Arnasguneak indar handia hartzen ari dira azken urteetan euskalgintzan. Eta inork ez du dudan jarriko euskararentzat berebiziko garrantzia dutela. Euskara osasuntsu egotea gure herriak ere osasuntsu egotea delako, azken finean. Egoera horretan gatoz Uemara, guretik emanez eta besteenetik jasoz. Espero dugu elkarren bidelagun izango garela bide horretan”.