Alberto Garzon Unidos Podemoseko hautagaia Zumarragan egon da
Alberto Garzon Unidos Podemoseko hautagaia Arcelor Mittaleko langile batzordearekin elkartu da gaur goizean, Legazpi dorretxean. Ondoren, prentsaurrekoa eman dute lantegiaren aurrean. Garzonek Zumarraga eta Urretxuko langileen borroka langile borrokaren “eredu
Alberto Garzon Unidos Podemoseko hautagaia Arcelor Mittaleko langile batzordearekin elkartu da gaur goizean, Legazpi dorretxean. Ondoren, prentsaurrekoa eman dute lantegiaren aurrean. Garzonek Zumarraga eta Urretxuko langileen borroka langile borrokaren “eredu argia” dela esan du. “Eskubidearen eta duintasunaren aldeko borroka bat da. Ez dira beraien lanpostuaren defentsan bakarrik ari, baita langile guztien duintasunaren alde ere. Eredugarriak dira”, gehitu du.
Gatazka gertutik jarraitzen ari direla eta Euskal Herrira egin duen bisita lehen eskuko informazioa lortzeko baliatu duela ere aipatu du. “Langile hauekin egin nahi dutena bidegabekeria da. Gainera, beraien familientzat, inguruko enpresa txikientzat eta merkatarientzat ere txarra da. Hori guztia jokoan dago eta guztiei gure babesa dutela argi utzi nahi diet. Lantegia ez ixtea eta negoziazioa langileentzat onuragarria izatea nahi dugu”.
Bestalde, lan erreforma kritikatu du. “PSOEk eta PPk onartutako lan erreformak oso kaltegarriak dira langileentzat eta gure koalizioak bi erreforma hauek bertan behera utziko ditu gobernura heltzen bada. Erreforma hauek pertsonen duintasunaren aurka doaz”.
Zumarragan gertatzen ari denaren beste errudunetako bat ekoizpen eredua dela esan du. “Ekoizpen eredu honekin Europa hegoaldea prekarietatera eta aldi batekotasunera daramate. Lan baldintza hauek ez dira gizatiarrak eta hau guztia borondate politikoarekin bakarrik alda daiteke. Ekoizpen eredu berri bat behar dugu, teknologian, balio erantsian, berrikuntzan eta garapenean oinarrituko dena. Horrela bakarrik lortuko dugu langileek lan baldintza duinak izatea”.
Gobernuak Zumarragako arazoa konpontzeko ahalmena duela uste du. “Horretarako, lan erreformak ezabatu behar dira. Gobernura heltzen bagara, lan erreformak atzera botako ditugu eta negoziazio kolektiboak eta langileen organizazioak babestuko ditugu. Gainera, PPri eskuhartzeko eskatu diogu, baina ez du lantegi honen eta antzerakoen itxiera ekiditeko asmorik”.
Leo Bote langile batzordeko buruak eskerrak eman dizkio Garzoni. “Bera eta bere lan taldea Zumarragara etorri izana eskertzekoa da. Hasieratik beraien babesa eman digute eta hemen gertatzen ari dena gertutik jarraitu dute. Langile batzordeak eta langile guztiok orokorrean eskerrak eman nahi dizkiegu”.