Jon Luqui alkateak gezurtatu egin du Borja Semperrek leporatutakoa
Joan zen astean El Mundo egunkariak PPko Borja Semperrek Jon Luqui Urretxuko alkatearen aurka esandako hitz batzuk ekarri zituen. Alkateak berari leporatutakoak «gezurra» direla esan du. Luqui Pasaiako Portuko Agintaritzako
Joan zen astean El Mundo egunkariak PPko Borja Semperrek Jon Luqui Urretxuko alkatearen aurka esandako hitz batzuk ekarri zituen. Alkateak berari leporatutakoak «gezurra» direla esan du.
Luqui Pasaiako Portuko Agintaritzako kidea da eta eszedentzian dago. Semperrek master zehatz bat egiteko eszedentzia bat eskatu zuela esan zuen. «Esandako masterra egin beharrean beste bat egin zuen eta lanetik bota zuten». Beti ere Semperren esanetan, Luquik kaleratzea epaitegietara eraman zuen eta epaia irabazi zuen. Ondoren, Pasaiako Portuko Agintaritzako administrazio kontseiluak ez zuen helegiterik aurkeztu, «Luqui EAJkoa delako».
Luquik Urretxuko alkate izendatu zuten arte ez zuela eszedentziarik eskatu esan du. «Garai hartan ez nuen eszedentziarik eskatu, lan kontratuaren etenaldi bat baizik, nire formazioa hobetzeko».
Pasaiako Portuko Agintaritzaren oniritzia zuen master bat egin zuela gehitu du. «Etenaldia eskatu nuenean master bat aipatu nuen eta hori edo antzerako bat egingo nuela zehaztu nuen. Portuko Agintaritzak baimena eman zidan. Beste master bat egin nuen eta ez zuten inongo eragozpenik jarri. Gainera, masterra nik ordaindu nuen eta lan kontratuaren etenaldia eskatu nuenetik ez dut ezer kobratu».
Bukatzeko, kargu publikoa izateagatik (Urretxuko alkate) eszedentzia eskatu zuenean bota zutela gehitu du. «Nire eszedentzia eskaerak jaso zuen erantzuna kaleratzea izan zen. Epaitegiak bidegabetzat jo du eta Portuko Agintaritzak eszedentzia onartu du».