Tradizioari eutsi, ala moda jarraitu?
Sustraiak dantza taldeak Tradizioa ala moda berria? emanaldia eskainiko du bihar, 22:00etan, Latxartegi aretoan. Koreografietan estilo ezberdinak nahastearen inguruan hausnartuko dute.
Ohikoak dira gaur egun estilo bat eta bestea nahasten dituzten dantza ikuskizunak. Euskal dantzan ere bai: musika garaikidea hartu, eta hari moldatutako koreografia berriak sortzen dituzte euskal dantza talde askok. Esan liteke modan dagoen joera dela. Baina, euskal dantzen talde batek moda jarraitu behar du, edo tradizioari eutsi behar dio? Hausnarketa hori bultzatu nahi du Sustraiak dantza taldeak bihar Latxartegin egingo duen emanaldian. 22:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.
Sustraiak dantza taldea tradizioa mantentzearen aldekoa da. «Gaur egun nahasketa handiak egiten dituzte: koreografia berean sartzen dituzte Gipuzkoako pausoak, Zuberoakoak…», azaldu du Jon Dorronsoro taldekideak. «Ikuskizun modura ondo egon liteke, baina ez da guk bilatzen duguna; gu saiatzen gara pausoak bertan beti egin izan diren bezala egiten, beste leku batzuetako pausoak sartu gabe».
Oihane Auzmendi taldekidearen ustez, moda kontua da estiloak nahastearena, eta dantza talde askok moda horri jarraitzea erabaki dute. «Gaur egungo abestiak hartu eta haien beharretara egokitutako koreografiak sortzen dituzte», esan du. «Nire ustez, prestatu daiteke koreografia bat abesti moderno batekin, betiko pausoak errespetatuz». Hain zuzen ere, hori egin daitekeela erakusten saiatuko dira biharko emanaldian.
Bi zati izango ditu emanaldiak. Lehenengo zatian, ohiko dantza saioa egingo dute. Bigarren zatia, sorpresa izango da. Hala ere, zerbait aurreratu dute: «Gure estiloaren barruan, jaialdi ezberdina izango da; musika modernoarekin dantza egingo dugu, baina koreografia tradizionalak mantenduz».
70 taldekide taula gainean
Maiatzean hasi ziren emanaldia prestatzen, Santikutz jaiak amaitu bezain pronto. Taldeko 70 kide inguruk parte hartuko dute, gazteetatik hasi eta helduetaraino. «Ikasleak gogoz daude emanaldirako; gainera, musika aukeratzen lagundu dute», esan du Dorronsorok.
Amaieran, mezu hau helarazi nahi diote publikoari: «Hemendik hamar urtera, auskalo euskal dantza taldeok nolako koreografiak egiten ditugun». Joera bat kritikatu baino, joera horren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du Sustraiakek.













