Agur ‘Gu ta gutarrak’ saioari
Gorka Santesteban zumarragarra Urretxu eta Zumarragako irrati esatari ezagunena da. KKinzona irratiko izarra. Izan ere, komunikabide hori izugarri maite du eta ia hamar urte daramatza Gu ta gutarrak saioaren buru.
Gorka Santesteban zumarragarra Urretxu eta Zumarragako irrati esatari ezagunena da. KKinzona irratiko izarra. Izan ere, komunikabide hori izugarri maite du eta ia hamar urte daramatza Gu ta gutarrak saioaren buru. Datorren ostiralean azken emanaldia egingo du. Baina irratiaren mundua ez da hankamotz geldituko: Santestebanek trikitixari buruzko saioa aurkezten jarraituko du.
Betidanik gustatzen zaio irratia. Bere ustez, xarma berezia du. «Ikusleak ez du esatariaren aurpegia ikusten eta horrek misterioa sortzen du».
Lehen pausoak Gipuzkoa FM irratian eman zituen eta duela ia hamar urte Gu ta gutarrak saioa abian jarri zuen, KKinzona irratian. Lehen zazpi urteetan Aitor Lizarazurekin batera gidatu zuen saioa. Azken bi urteetan, berriz, bera izan da gidaria. «Aitor eta biok bidegorritik paseatzen ari ginen batean, irrati saio baterako ideia bat nuela esan nion eta berak ere parte hartzea erabaki zuen».
Ia hamar urte pasa dira ordutik eta uztea erabaki du. «Ez dit pena ematen Gu ta gutarrak desagertzeak. Bizitza aurrera doa eta gauza batzuk utzi behar dira beste batzuk egin ahal izateko. Gainera, apur bat nekatuta nago. Entzule eta kolaboratzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet».
Oso esperientzia aberasgarria izan dela dio. «Irratsaioari esker, bestela ezagutuko ez nituzkeen herritar asko ezagutu ditut».
Ia 500 emanaldi egin ditu. Bigarrena da gehien gogoratzen duena. «Andoni Salamero elkarrizketatu genuen. Estudio zaharrean geunden eta sekulako hotza egiten zuen. Estufa jarri genuen eta, lokal erabat itxia zenez, ia kiskalita bukatu genuen».
Etorkizunera begira, egitasmoren bat edo beste du. Kirola eta musika uztartuko dituen irratsaio bat egiteko asmoa du. Bitartean, entzuleek trikitixari buruzko saioan aurkituko dute.
Herrigintzaren eredu
Baita kalean ere. Izan ere, kultur ekitaldi eta festa guztietan parte hartzen du. Batez ere, euskaraz badira. Ez da bere ama hizkuntza, baina euskal kulturaz maitemindu zen eta euskara ikastea erabaki zuen. «Euskal kulturaren inguruan sekulako giroa dagoela konturatu nintzen eta euskara ikastea erabaki nuen. Maizpide euskaltegira joan nintzen. Bertan ezagutu nuen Aitor Lizarazu. Batzuek euskaldun zaharra naizela uste dute».
Euskarak mundu berri baten ateak ireki dizkiola dio. «Euskarari esker, gaztetxeko jendea, Korrika, bertsolaritza… ezagutu ditut». Euskarak Urretxun eta Zumarragan bizi duen egoerari dagokionez, baikor ageri da. «Nik nire bizitza ia guztia euskaraz egiten dut. Egia da auzo batzuetan euskarak presentzia nahiko txikia duela, baina nire ustez egoera geroz eta hobea da».
Santesteban baikorra da izatez. Beti irribarretsu, mundu guztiaren lagun, herrigintzaren eredu da. Eskuzabala ere bada. Izan ere, zoriontsu dela dio eta zoriontasunaren errezeta doan pasa digu. «Egunean egunekoa bizi behar da», amaitu du Zumarragako irrati esatariak.