Berriz ere, kanpainan
Bart hasi da Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina, abendukoaren jarraipena izango dena. Goierritarrak lau aldiz deitu dituzte botoa ematera, urtebete eskaseko epean
Gutxi izango dira, politikoki, aurtengoa bezain beteak diren urteak. Udazkenean Eusko Legebiltzarretako Hauteskundeak izango dira; pasa den astean, Gure Esku Dagok deitutako galdeketa; eta bi aste barru, abenduan egindako Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen errepikapena izango da. Deialdi ezberdinak badira ere, goierritarrek, urtebete eskaseko epean, lau aldiz izango dute botoa emateko aukera.
Bart hasi da ofizialki hauteskunde kanpaina, nahiz eta abendutik, alderdi politikoen jarduna etenik gabea izan den. Hauteskunde eguna ekainaren 26an izango da, eta bi aste izango dituzte alderdiek boto emaileak erakartzeko.
Hauteskunde deialdi honetarako 54.034 goierritarrek izango dute botoa emateko eskubidea. Goierrin bertan erroldatuta daudenak dira gehienak. 52.418, eta atzerrian bizi direnak gainontzeko 1.616 goierritarrak. Abenduko azken deialdiarekin alderatuta, 87 lagun gehiagok eman ahal izango dute botoa.
Goierritarrak zerrendetan
Aste honetan bertan argitaratu dituzte alderdi politikoek Espainiako Kongresurako eta Senaturako aurkeztu dituzten zerrendak buletin ofizialetan. Alderdi askok abenduko zerrenda berberak mantendu badituzte ere, beste batzuek aldaketak egin dituzte izenetan. Aurkeztuko diren hautagai goierritarren kopuruak, esaterako, gora egin du abenduko deialditik hona.
Gipuzkoan guztira 12 alderdik aurkeztu dituzte zerrendak: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, Ciudadanos, PACMA, Partido Libertario, PCPE, PSE-EE, PP, Recortes Cero-Grupo Verde, UPyD eta VOX. Hautagai goierritar guztiak, ordea, EAJ eta EH Bildu alderdien zerrendetan pilatu dira. EAJren aldetik, Luke Uribe-Etxeberria beasaindarra eta Garbiñe Mendizabal zaldibiarra aurkeztuko dira kongresurako, abenduko hautagaitza errepikatuz. EH Bildutik berriz, aldaketak egin ditu, eta Marian Beitialarrangoitia legazpiarraz gain, Aitzol Cajaraville zumarragarra eta Eraitz Saez de Egilaz beasaindarra ere sartu dira kongresurako hautagaien zerrendan. Jone Etxeberria ordiziarra berriz, ordezko moduan ageri da. Senaturako hautagaien artean, Carlos Ormazabal (EAJ), Judit Garcia eta Oihane Zabaleta (EH Bildu) goierritarrak ageri dira, hirurak ere, ordezko moduan.
Hautagai horiek guztiek, Espainiako Diputatuen Kongresuko 250 zizeilu eta Senatuko 208 postuetako bat betetzen saiatuko dira. Hego Euskal Herriak horietatik 23 diputatu Gipuzkoatik 6 aukeratuko ditu.
Kanpainako ekitaldiak
Espainiako hauteskundeetako kanpainek hotz fama izaten dute Goierrin. Bertako alderdiak ordea, giroa berotzen saiatuko dira datozen bi asteetan. EH Bilduk esaterako, biharko egin du aurreneko deialdia. Ekitaldia egingo dute Urretxu-Zumarragan, 12:00etan. PSE-EEkoak ere, larrosak eta propaganda banatzen izango dira bihar, 11:00etatik aurrera, Legazpiko azokan.













