Erabakiari bide berriak zabaltzen
Galdeketak kontuan hartzeko moduko emaitzak utzi ditu. Datuez harago, emandako pausoa nabarmendu dute.
«Euskal herritarrak hautetsontzien aurrean, papeleta eskuan, borondatea bihotzean eta ...
Galdeketak kontuan hartzeko moduko emaitzak utzi ditu. Datuez harago, emandako pausoa nabarmendu dute.
«Euskal herritarrak hautetsontzien aurrean, papeleta eskuan, borondatea bihotzean eta erabakitzen». Hori izan zen igandeko galdeketak utzi zuen irudia, eta hala deskribatu zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dago mugimenduaren bozeramaileak. Galdeketa horrekin, «erabakiaren aroa» hasi dela eta atzera bueltarik ez duen garaia dela ere adierazi zuen.
Galdeketak antolatutako 34 herritan, 36.884 lagunek (%29,3ko partehartzea)eman zuten botoa, eta gehiengo nabarmenak (%95,3) baiezkoa eman zion euskal estatu burujabe bateko herritarra izatearen aukerari. Goierrin berriz, 15.724 izan ziren parte hartu zutenak, herritarren %27,8a, hain justu. Datuak herriz herri aztertuta, nabarmena da herri txikien eta handien arteko aldea ere. Herririk txikienetan (Zerain, Gaintza edota Mutiloa), %70etik gorakoa izan zen parte-hartzea. Herri ertainetan, %40 eta %60 artekoa izan zen. Daturik apalenak, 5.000 biztanletik gorako herrietan izan zituzten: Ordizian %22,95, Beasainen %21,14, Legazpin %20,96 eta Urretxun %20,62. Daturik kaskarrenak Zumarragakoak izan ziren, %13,43rekin.
Asko, gutxi ala nahikoa?
Lehen egunetako beroaldiaren eta datu zaparradaren ondoren, ordea, analisi hotzagoa egiteko aukera ematen dute datu horiek. Parte-hartzea ikusita, nola baloratu daiteke igandeko deialdiak izan zuen erantzuna? Asko, gutxi ala nahikoa izan zen?
Zenbat buru, hainbat aburu dio esaera zaharrak. Batzuek kopuru handiagoak esperoko zituzten agian; besteak gustura daude lortutako emaitzekin. Igandekoa bezalako galdeketetarako erreferentziak hartzea ez da erraza. Hemendik gertu, Katalunian 2009an egin ziren independentziaren inguruko aurreneko kontsulta ez ofizialak. Arenys de Munt herrikoaren ondoren, abenduan 170 herritan antolatu zituzten galdeketak, eta %27,4koa izan zen parte-hartzea. 2010eko bigarren olatuan, beste 80 herritan galdetu zuten, %21,1eko parte-hartzearekin. Horien gainetik legoke igandean Euskal Herriko 34 herritan egindakoa.
Kontsulta edo erreferendum ofizialei begiratuta ere, datuak ez dira asko aldatzen. 1978an Espainiako Konstituzioa onartu ala ez erabakitzeko galdeketa egin zen. Igandean galdeketak egin zituzten 34 herriak kontuan hartuta, %38,5eko parte-hartzea izan zen. Konstituzioak jasotako aldeko botoak (35.174), ordea, gutxiago izan ziren igandean estatu burujabearen aldeko aukerak lortutakoak baino (25.434). Datu horiek kontuan hartuta ere, ezin esan igandeko emaitzak txarrak direnik.
Balorazio ona
Datuak datu, Gure Esku Dago egitasmoko kideek balorazio positiboa egin dute galdeketaren inguruan, «erabakiaren bidean urrats eraginkorra» eman dela uste baitute. Gainera, 34 herri horietan bizi izan den «demokraziaren festa» olatu bihurtu nahi dute, herri gehiagotara zabalduz. Udazkenean Diman eta Baikaikun egingo dituzte galdeketak, eta datorren urtean beste 60 herri baino gehiago batuko zaizkie. Horien artean leudeke Sakana, Tolosaldea, Oiartzualdea, Busturia edota Uribe Kosta eskualdeak.
%95,3
Baiezkoaren alde. Igandean galdeketak antolatu zituzten 34 herrietan 36.884 lagunek eman zuten botoa (%29,3ko parte-hartzea). Horietatik %95,3k baiezkoa eman zion euskal estatu burujabe bateko herritar izatearen aukerari. Goierri mailan, 15.730 lagunek parte hartu zuten, eta baiezkoak %95,7 izan ziren.