Mendizaleen festa Aizkorriko Bira eta Aizkorrira Begira probetan, etzi
Helduak 06:00etan abiatuko dira Bideluze plazatik eta haurrak 08:00etan. 52 eta 16,8 kilometroko bi ibilbide prestatu dituzte. Marrazki lehiaketako sari banaketa egingo dute
Aizkorri Mendi Elkarteak prest du VIII. Tomas Salazar Aizkorriko Bira. Ehun bat boluntario ariko dira lanean mendizaleei egin beharreko lana errazteko; eta eguraldi iragarpenak dioenez, eguraldia ere lagun izango dute igandean. Izaskun Salazar antolatzaileak dioen bezala, paisaiaz gozatzeko aukera paregabea da izango da bi urtean behineko hitzorduan: «Ibilbide ikusgarria da eta mendiaz eta inguruneaz gozatzeko aukera ematen du Aizkorriko Birak».
Mendizaleak ere prest daude erronkari aurre egiteko. Oraindik izena eman daiteke tsaizkorrikobira@gmail.com helbidean; eta egunean bertan ere, ordu erdi lehenago ere bai. Gainerako edizioetan 200 bat mendizalek parte hartu izan dute eta aurten ere antzera ibiltzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Aizkorrira joan eta etorri
Beasaindik Aizkorrira arteko joan-etorria egitea da probaren helburua. 52 kilometro inguruko ibilbidea eta 2.000 metroko desnibela du. Beasaindik Olaberriara, Idiazabalgo mendien barrena Etzegarateraino joan eta Aizkorriraino joango dira. Beasainera, Zeraindik, Seguratik eta Ormaiztegitik barrena itzuliko dira.
Tomas Salazarren izena darama Aizkorriko Birak 2008tik; Beasainen bizi den iruindarrarena. Iruñetik ekarri zuen mendizaletasuna Beasainen garatzen jarraitu zuen Aizkorri elkartean. Batez ere, gazteen artean mendizaletasuna bultzatzen lana egindakoa da.
Hori dela, gazteenen artean mendizaletasuna bultzatzeko helburuarekin, Aizkorrira Begira mendi ibilaldia antolatu zuten 2014an, 8 eta 16 urtekoentzat. Horiek ere izena eman dezakete aurretik webgunean. 16,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute gazteek, Beasaindik Segurara bitartean.
Aurten berrikuntza bat izan da gazteentzat: marrazki lehiaketa. Gazteenen proba bukatzen denean, 13:00etan, sari banaketa egingo da. 7-11 urtekoen artean 5 sari banatuko dituzte, eta 12-16 urtekoen artean hiru.













