Brasil eta Ormaiztegi, bat eginik
Irizarren lanean ari diren brasildarrek eta ormaiztegiarrek kulturarteko festa ospatu dute asteburuan. Pintxoak, musika, herri kirola eta, batez ere, festa giroa izan dituzteOrmaiztegiko Muxika egurastokia jendez lepo zegoen larunbatean. Musika brasild...
Irizarren lanean ari diren brasildarrek eta ormaiztegiarrek kulturarteko festa ospatu dute asteburuan. Pintxoak, musika, herri kirola eta, batez ere, festa giroa izan dituzte
Ormaiztegiko Muxika egurastokia jendez lepo zegoen larunbatean. Musika brasildarra, haragi errearen usaina eta festarako gogoa herri osoan zabaldu ziren. Izan ere, Irizarren lanean ari diren brasildarrek eta ormaiztegiarrek kulturarteko festa ospatu zuten. Uztailean itzuliko dira brasildarrak Botucatuko lantegira, eta joan aurretik festa erraldoia egin nahi izan dute azken urtebetean bizi izan diren herrian.Festa on guztietan bezala, janaririk ez zen falta izan. Goizeko ordu txikietan hasita, burruntzian erre zituzten txerria, txahal haragia eta txorizoa. 03:00 aldera hasi ziren burruntzia prestatzen, egunak argitzerako herritarrek zer jana izan zezaten. Guztira, 450 kilo haragi prestatu zituzten. «Eta egunaren amaierarako den dena jan zen», esan du Marcelo Ghiraldi brasildarrak.
Brasildarrak irabazle
Dena ez zen jan edana izan. Kirola ere egin zuten. Bost kilometroko krossa izan zuten eguerdian, eta Aldi Ferreira brasildarrak irabazi zuen. Ondoren, herri kirolak egin zituzten plazan: txingak, sokatira, toka eta harrikalari proba. «Tokan eta txingetan ere brasildarrek irabazi zuten», esan du Ghiraldik.
Eta festa bati, musikarik gabe, festa deitzerik ere ez dagoenez, Decalcky talde brasildarrak eta GuriBost! talde goierritarrak zuzeneko emanaldi bana egin zuten plazako karpan. Decalcky-koek portugaldarrez abestu arren, ormaiztegiarrek ez zuten trabarik izan ahal bezala abestiak jarraitu eta haien doinura dantza egiteko. Brasildarren mugimenduak jarraitzera ere animatu ziren batzuk.
Ghiraldiren esanetan, «festa zoragarria» izan zen, eta denak oso gustura ibili ziren. «Jaiak gauerdira arte iraun zuen, baina ondoren tabernetan jarraitu genuen».













