Ibilian egiten da kultura
Donostia 2016ko ‘Ibilian egiten da kultura’ egitasmoak, Goierrin zazpi etapa egingo ditu uztailaren 31ra arte.
Euskal Herriak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak ...
Donostia 2016ko ‘Ibilian egiten da kultura’ egitasmoak, Goierrin zazpi etapa egingo ditu uztailaren 31ra arte.
Euskal Herriak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak bat egiten dute Ibilian egiten da kultura proiektuan. Martxotik urrira bitartean, astebururo, 32 etapatan eta 600 kilometrotan, Euskal Herriko zazpi herrialdeak zeharkatuko dituzte ibiltariek, hiria eta mendia tartekatuz. Era berean, natur eta arte balio esanguratsua duen tokiak ezagutzeko aukera izango dute ibiltariek, DSS2016EUren lekukoa Euskal Herri guztian zabalduz.
Goierrira 13. etapa iritsiko da ekainaren 19an, Azpeitia-Zumarraga artekoa, eta uztailaren 31ra arte, astebururo, beste sei ibilbide egingo dituzte ibiltariek Goierrin barrena: ekainaren 26an Zumarraga-Beasain, uztailaren 3an Beasain-Legazpi; uztailaren 10ean Legazpi-Arantzazu; uztailaren 17an Arantzazu-Zegama, uztailaren 24an Zegama-Altsasu, eta uztailaren 31n, Altsasu-Ataun.
Egitasmo horri esker, DSS2016EU GR Sarea sortu dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Gipuzkoako zazpi GR nagusiak lotuta. Ondorioz, Gipuzkoan dauden natur gune babestu guztietan, etenik egin gabe, oinez egiteko aukera ematen du. Ireki diren bide berriei esker, bizimodu osasuntsua eta ingurunearekiko errespetua sustatuz, ondare naturala aberastuko dela diote antolatzaileek.
Izena emateko aukera
Etapetan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da aurrez, http://dss2016.eu/eu/ dss2016eu/bizitza/2016bidea/2016bidea webgunean. Programa guztiaren berri ere aurki daiteke webgunean.
Parte hartzeak oparia du
Ibilian egiten da kultura-n parte hartzeak saria du. Partaide guztiei pasaportea banatuko zaie eta etapa bakoitzaren amaieran pasaporte horretan zigilua jartzeko aukera izango dute ibiltariek.
Horren arabera, sariak jasotzeko aukera izango dute. Bost zigilu pilatuz gero, 2016 bidearen kamiseta eskuratuko dute; 10 zigilurekin, bi sarrera Elkarrizketak lerroko emanaldi bat ikusi eta, nahi izanez gero, bertan parte hartzeko. 20 zigilurekin, Elkarrizketak lerroko emanaldiaz gain, Donostia 2016ren oparia jasoko dute. Etapa guztiak egiten dituzten ibiltariarentzat, berriz, ezusteko saria daukate gordeta.
Goierriko zazpi etapak
Goierrin barrena zazpi etapa antolatu dituzte ekainaren 19tik uztailaren 31ra bitartean:
13. etapa: Azpeitia-Zumarraga.
Ekainaren 19an. Luzera: 14,9 km. Zailtasuna: ertaina.
14. etapa: Zumarraga-Beasain.
Ekainaren 26an. Luzera: 17 km. Zailtasuna: ertaina.
15. etapa: Beasain-Legazpi.
Uztailaren 3an. Luzera: 19,6 km. Zailtasuna: ertaina.
16. etapa: Legazpi-Arantzazu.
Uztailaren 10ean. Luzera: 13,3 km. Zailtasuna: ertaina.
17. etapa: Arantzazu-Zegama.
Uztailaren 17an. Luzera: 16,5 km. Zailtasuna: ertaina.
18. etapa: Zegama-Altsasu.
Uztailaren 24an. Luzera: 17,2 km. Zailtasuna: ertaina.
19. etapa: Altsasu-Ataun.
Uztailaren 31n. Luzera: 12 km. Zailtasuna: txikia.