Aristrain familiak dirua paradisu fiskaletan ezkutatu duela azaleratu du ikerketa batek
Aristrain familiak 50 milioi euro inguru izan ditzake paradisu fiskaletan ezkutatuta, hainbat agerkari digitalek gaur argitaratu duen ikerketa baten arabera. ‘Castellanako paperak’ deitu dituzten dokumentuetan ageri da Jose Maria Aristrainen izena. Paper horien arabera, 2015ean ia 19 milioi euro zituen Suitzako banku batean, eta guztira, 50 milioi izan litezke zerga-paradisuetan gordeta dituztenak.
Paper horietan jasotzen denaren arabera, Jose Maria Aristrain, Olaberriko Aristrain lantegiaren sortzaileak, hainbat ‘offshore’ sozietate sortu zituen 60ko hamarkadan, Liechtenstein hirian. Urte luzez, Suitzako banketxeen bidez kudeatu zituen elkarte horiek. 1986an, Jose Maria Aristrain hil zenean, haren alabak, Angeles Aristrainek jaso zituen herentzian ezkutuko sozietate horiek. Enpresaburu ezagunaren izen bereko semea ere ikertzen ari dira, 103 milioi euroko iruzur fiskala egin duelakoan.
Madrilgo Castellana kaleko zerga aholkulari bulego batetik filtratutako milaka dokumentuk osatzen dituzte ‘Castellanako papelak’ deitutakoak. Horiek oinarri hartuta egin dute ikerketa eldiario.es, La Marea eta Diagonal hedabideek. Bertan Estatu espainiarrean zergak ordaintzea saihesteko dirua paradisu fiskaletara bideratu duten dozenaka enpresabururen izenak agertzen dira, eta horien artean legoke Aristrain familia.