Mendi bizikletako maratoi distantziako munduko txapelketan parte hartuko du igandean beasaindarrak, Espainiako selekzioarekin. Frantziako Laisac-en jokatuko da 90 kilometroko proba.

Orain artean neguko triatloietan eta duatloietan aritzen bazen ere, duela bi urte mendi bizikletaren aldeko hautua egin zuen Jon Erguinek (Beasain, 1980). Emaitza onak lortu ditu BTTean ere, eta Espainiako selekzioarekin, munduko txapelketan parte hartuko du igandean.
Non jokatuko da munduko txapelketa? Nolako proba da?
Frantzian, Laisac inguruan jokatuko da, Tolosa eta Alpeen tartean. Mendi bizikletako maratoiko distantziako 91 kilometroko proba da, 3.100 metroko desnibel positiboarekin.
Zuretzat ibilbide egokia al da?
Desnibel handia ez zait ondoegi joaten. Gorpuzkeragatik, pisu handi samarra dut eta ez naiz eskalatzailea, eta desnibela ez zait ondoegi joaten. 3.000tik gorako desnibela handia da eta ikusiko dugu. Saiatuko naiz eta hortik aurrera ezin da askoz ere gehiago eskatu.
Ibilbidea ezagutzen duzu? Nolakoa da?
Ez, ez dut ezagutzen. Ostiralean lanetik atera eta orduan joango naiz. Batzuk han daude dagoeneko. Alde handia dago zirkuitua lasterketara ezagututa joatea, bai indarrak gordetzeko edo noiz estutu jakiteko. Eta gehienbat jaitsieragatik, aldapa ezagututa jaitsi edo ezagutu gabe jaitsi, alde handia dago. Ni ezin naiz aurretik ezagutzera joan, beraz… Saiatuko naiz ondo egiten.
Zein duzu helburua?
Mendiko bizikletan bigarren denboraldia da aurtengoa eta niretzat bertan egotea da saria. Lasterketa batzuetan aurrean ibili nintzela ikusi nuenean, munduko txapelketako lasterketa hori jarri nuen helburu eta helburua lortu dut. Munduko onenak doaz, eta ahalik eta hoberen egitea da asmoa. Erdi parean ibilita nik uste dut oso emaitza ona izango zela.
Mendi bizikletan nongoak dira onenak?
Egungo munduko txapelduna austriarra da. Onenak Europa erdialdekoak dira.
UCIko probatan parte hartu izan duzu, munduko txapelketarako txartela lortzeko?
Bai, UCIko puntuen bila joan naiz, eta horrela lortu dut txartela. UCIko rankingean Espainiako zortzigarren postuan nago, eta munduko rankingean ehundik gora.
Aurretik duatloietan eta neguko triatloietan ibilia zara.
Bai, beti gustatu izan zait mendiko bizikleta eta beti ibili naiz. Baina lehiaketetan hasi nintzenean, eskiatzen nuenez, eta korrikan eta mendiko bizikletan ibiltzen nintzenez, neguko triatloietan hasi nintzen. Ondo ibili nintzen eta urteetan triatloietan ibili naiz. Baina iaz erabaki nuen mendiko bizikletari heltzea. Emaitzak lortzearen zirkulu horretatik atera nahi izan nuen. Aspertzen ari nintzen eta mendi bizikletan bakarrik hasi nahi nuen, presiorik gabe, gozatzeko asmoarekin. Egia esanda txip horrekin ari naiz; emaitza onak ari naiz lortzen. Baina ez daukat inongo helbururik txapelketarik irabazteko.
Distantzia luzeetan ari zara batez ere.
Egia esanda, inoiz proba egin gabe nengoen eta gustatu egin zait eta ondo moldatzen naiz. Mendi bizikletarekin mendian asko gozatzen ari naiz. 36 urte ditut eta modalitate honetarako adin ona da. Berez, inoiz baino indartsuago nago.
Profesionalik ba al dago mendi bizikletan?
Hemen, Euskal Herrian, ez dago inor hortik bizi denik, baina Espainia aldean bai. Lasterketa gehiago daude, ohitura gehiago dago. Munduko txapelketara Espainiako taldearekin hamaika goaz, eta ni izango naiz lan egiten duen bakarrenetakoa; gehienak profesionalak dira. Nik nire lana daukat eta talde ofizial batean sartuta hainbat konpromiso hartu behar dira egutegi aldetik, eta nik ezin dut, nire lana eta familia ditut eta. Materialean laguntzen didaten laguntzaileak baditut eta, bestela, nire kabuz aritzen naiz. Lasterketa batzuetan gonbidapenak lortzen ditut…
Aurrera begira zein helburu duzu?
Ez dakit. Aurten buruan sartu zitzaidan munduko txapelketako proba hori, baina datorren urtera begira ez daukat inongo helburu zehatzik. Gozatzen jarraitzeko asmoa daukat.
Nola uztartzen duzu lana, familia eta kirola?
Jendeak uste baino dezente gutxiago entrenatzen dut. Nik urte batzuk badaramatzat lehiatzen; ordu asko ez ditut sartzen, baina konstante izaten saiatzen naiz. Astean lau-bost egunetan entrenatzen dut, astean bataz beste zortzi ordu, lasterketak barne. Horrekin mantentzen naiz. Badago askoz ere gehiago entrenatzen duen jendea, baina nik ezin dut hori baino gehiago egin. Nire lehentasuna, familia, lana eta kirola dira.