Kirola ardatz hartuta, ekitaldiz betetako egitaraua osatu dute Idiazabalen, igandera bitartean .Ikus-entzunezkoak eta kirol lehiaketak izango dira .Bihar Axari Trail proba aurkeztuko dute
Pilotari profesionalen entrenamendu saioarekin hasi dute Idiazabalgo Kirol Astea. Igandera bitartean, herrian lantzen diren kirol mota ezberdinen inguruko ekitaldi sorta antolatu dute udalak eta kirol batzordeak.
Buruz buruko txapela irabazi berri duen Iker Irribarria eta Jokin Altuna pilotariak izan ziren herenegun Igarondo pilotalekuan, eta gaztetxoen artean arreta handia piztu zuen ekitaldiak. Lehen mailako pilotariekin aritzeko aukera izateaz gainera, beraien idoloen autografo eta guzti joan ziren etxera gaztetxoak. Atzo berriz, beste bi kirolari, Josu Urrestarazu txirrindularia eta Gari Garmendia pisu jaurtitzailea aritu ziren berriketan.
Sarrera ekitaldi horien ondoren, gaur jarraituko du Idiazabalgo Kirol Astearen egitarauak. Mikel Mariskal mendizaleak, Pirinioen zeharkaldia: Mediterraneotik Kantaurira diapositiba emanaldia eskainiko du. Saioa 19:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian.
Ostiralean berriz, 3×3 saskibaloi lehiaketa egingo dute futbito zelaian, 18:30ean hasita. Beasaingo BKL taldearen laguntzarekin antolatutako ekitaldia da, eta herriko gaztetxoen arteko partidak jokatuko dituzte. Garai beretsuan, 19:00etan hasita, argazki lehiaketako sari banaketa eta mendizaleek urtean zehar egin dituzten irteeren argazki erakusketa egingo dituzte.
Larunbat goizean, Herriko VIII. Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte. 12:00etan berriz, gaztetxeak antolatutako pilota txapelketako partidak izango dira.
Axari Trail proba
Idiazabalgo Kirol Elkarteak antolatzen duen proba garrantzitsuenetako bat da irailean jokatzen den Axari Trail mendi lasterketa. Oraindik bi hilabete baino gehiago falta bada ere, izena emateko epea laster zabalduko dute. Hori dela eta, kirol astearen barruan sartu dute probaren aurkezpen ekitaldia ere. Bihar izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Horrekin batera, Alberto Zerain mendizalearen ikus-entzunezkoa ere eskainiko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.