Ertzaintzak bikote bat atxilotu du Beasainen, droga trafikoa leporatuta
Ertzaintzak 25 eta 29 urteko bi lagun atxilotu ditu gaur goizaldean Beasaingo gasolindegi batean, drogra trafikoa egotzita. Jarrera “susmagarria” zutela ikusita, haiengana gerturatu eta bietako bati 75 gramo speed atzeman dizkiote. Atxilotu eta epaitegien esku utzi dituzte biak.
Goizaldeko 00:20 aldera izan dira gertakariak. Herrizaingo Sailak adierazi duenaren arabera, Oriako ertzain-etxeko patruila bat Beasaingo gasolindegi batera gerturatu eta bertan “erregaia hartzen ari zen bikote baten jokabidea susmagarria” iruditu zaie Oriako ertzain-etxeko agenteei. Gerturatu direnean, “gizona eta emakumea urduri jarri eta lekutik berehala alde egiten” saiatu direla dio oharrak. Biak identifikatu eta ibilgailua miatu dute ondoren. Txapel batean gordeta, 75 gramo speed aurkitu dituzte ertzainek. Drogra trafikoa leporatuta, atxilotu egin dituzte biak, eta ertzain etxera eraman dituzte beharrezko izapideak egiteko. Ondoren, epaitegien esku utzi dituzte.