Segura, barraskiloen erreinua
Markos Urdangarinek barraskilo haztegi bat jarri zuen martxan Seguran, langabezian geratu eta gero.
Eraikuntzaren burbuilaren eztandak jende askoren bizitzan eragin zuen. ...
Markos Urdangarinek barraskilo haztegi bat jarri zuen martxan Seguran, langabezian geratu eta gero.
Eraikuntzaren burbuilaren eztandak jende askoren bizitzan eragin zuen. Ordura arte eraikitako bizimoduak eskuetatik ihes egin zienaren sentsazio mingotsa jabetu zen askorengan. Markos Urdangarini ere errotik aldatu zitzaion bizitza. 22 urtez topografo bezala lan egin eta gero, lanik gabe gelditu zen. 53 urte zituen, emaztea eta bi seme alaba, eta etorkizuna beltz begitantzen zitzaion. Kolpea «handia» izan zela aitortu du, eta «pentsatzeko denbora asko» izan zuela. Buruak bueltak emateko lan horretan, bizilagun batek emandako ideia gorputza hartzen hasi zen bere baitan, eta barraskilo haztegi bat martxan jarri zuen orain hiru urte Seguran.
Barraskiloei buruz «ezer ez» zekien, eta Interneten bila aritu eta gero, Zaragozara joan zen ikastaro bat egitera. Bertako maiorista batek proiektu bat egin zion, eta hura oinarri hartuta Seguran, senitarteko batek utzitako lurretan, negozioa martxan jartzeko lehen pausoak eman zituen. «Urte negargarria izan zen, gaizki planteatutako proiektuan sinetsi nuen, barraskilo txarrak saldu zizkidaten, denak hil zitzaizkidan. Asko inbertitu nuen haztegia eraikitzeko eta ezer ez nuen produzitu», esan du. Baina etsitzetik urruti, aurrera egiteko bide berriak aztertzeari ekin zion. «Inbertsioak jada eginda zeuden», eta Salamancara joan zen egiteko modu berrien bila.
Bide berriak urratuz
Beste ikastaro bat egin zuen han eta haztegia martxan jartzeko kontzeptu berriak ikasi zituen. Modu berri horrek emaitza hobeak utzi zizkion iaz, baina ez nahi adinakoak. «Botatako barraskilo umeetatik %70 hil zitzaizkidan, %30 bakarrik ekoitzi dut», esan du. Horrek barraskiloen aktibazio prozesuan arazo bat dagoela pentsarazi dio eta aurten proba berriak egin ditu irtenbide bila.
Izan ere, «barraskiloa oso animalia zaila» dela uste du Urdangarinek eta haztegien inguruan informazio «oso gutxi» dagoela. Lehendabiziko barraskilo haztegiak «orain 50 bat urte sortutakoak izango dira, eta ez dakigu gehiegi sortze prozesuez». Gainera, kanpoan ikasitakoak ezagutza bat jasotzeko balio izan dio, baina gero, «lekuan lekura egokitu beharra dago, ez baita berdina haztegia Salamancan edo Seguran izatea». Inguruak, lurrak, hezetasunak eta bataz besteko tenperaturak eragin zuzena du barraskiloen ugalketaren arrakastan.
Elkartuta askoz hobe
Orain egokitze fasean dagoela dio Urdangarinek, lekua ezagutuz eta barraskiloak ingurunera ahalik eta hobekien egokitzeko bideak asmatuz. Aurten 500.000 barraskilo ume bota ditu Segurako bere haztegian. Orain heltze fasean daude, «uztailera bitartean». Bidean «%60 bat» hil egingo direla aurreikusten du, eta urduri dago aurtengo kanpainak emango dituen emaitzen zain.
Baina ez dago bakarrik. Salamancatik bueltan, Araban jada martxan zegoen barraskilo haztegi batekin jarri zen harremanetan «elkarrekin zerbait egin behar genuela proposatzeko». Proposamena begi onez ikusi zuten han, eta Bizkaian martxan jarri berria zen beste haztegi batekin batera elkarlanean hasi ziren. Horrela sortu zen Gorbea barraskiloak. «Genetikoki eta elikadura aldetik barraskilo berdinak egiten ditugu hiruok. Elkartuta produktuari irteera ematea errazagoa egiten zaigu».
Barraskiloa oso animalia sentibera da, «ez du ez ikusten ezta entzuten ere», jasotzen dituen sentsazioen arabera bizirauten du. Barraskiloaren %90 ura da, horregatik «hezetasuna %70ekoa denean eta tenperatura 19 eta 30 gradu artean dagoenean egoten da gustuen». Egoera horretan dagoenean aktibatu egiten da barraskiloa, «jateko, kopulatzeko, hazteko…». Haztegiaren barruan barraskiloak beraientzat propio prestatutako etxolatxoetan bizi dira: «Hezetasuna eta tenperatura kontrolatzeko artifizialki beraientzat egoera idealena sortzen da haztegian».
Emaitza berrien zain
Barraskilo jaio berriak apirilean botatzen dira haztegian eta uztailera bitartean egoten dira bertan hazten. Uztailetik irailera biltze garaia izaten da. Bost eguneko garbiketa prozesua izaten da gero, «barraskiloa kanpotik eta barrutik ondo garbitu behar da kontsumitu ahal izateko, horretarako egun hauetan jan gabe eta ahalik eta aktiboenak mantendu behar dira». Ura soilik erabiliz garbitzen ditu Urdangarinek guztiak banan-banan «esku lana da guztiz, neketsua». Garbitu eta gero potetan sartzeko enpresa batera bidaltzen dituzte barraskiloak «bertan ematen zaie azken garbiketa, esterilizatu egiten dira eta ur gazitan egosi. Kontsumitzeko saltsa egin eta berotu baino ez dira egin behar barraskiloak».
Haztegian jaiotako barraskilo umeak hurrengo urteko kanpainarako gordeko ditu, «hala gutxiago erosi beharko ditugu». Lozorroan mantendu beharko ditu «hezetasuna %60 azpitik eta 9 garduko tenperaturan», aktibatu ez daitezen. Segurako haztegian duen etxolan gordeko ditu negua lozorroan pasa dezaten sareetan gordeta. Horrela egongo dira uztailetik apirilera. Bitarte honetan operkulazioa izeneko prozesu bat gauzatuko du barraskiloak, «kaltzioa sortuko dute barraskiloek eta pareta bat sortuko dute oskoleko zuloan, babesteko». Apirilean, berriz, haztegira pasatuko ditu barraskiloak, «bere kabuz aktibatuko dira, gustuko lekuan aurkitzean».
Hiru urte pasata, martxan jarritako proiektuaren inguruan makina bat hausnarketa egin ditu Urdangarinek. Atera duen ondorio garbienetako bat «barraskiloari puntua hartzea oso zaila» dela da. «Hori da niretzako arazoa», esan du. Gainontzean, hazteko barraskiloek ez baitute zaintza askorik eskatzen. Horretaz gain, konturatu da barraskiloak kontsumitzen dituen jende asko dagoela: «Ez nuen uste horrenbeste izango zirenik. Orain arte ekoiztu dugun guztia saldu dugu». Babes handia izan da gainera, Bizkaiko eta Arabako beste haztegiekin elkarlanean aritzea, «hirurok elkartuta egongo ez bagina, saltzerako orduan zenbait tokitara iristea zaila egingo litzaiguke».
Amaitzeko, senitartekoek eta lagunek emandako laguntza eskertu nahi izan du, «haiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango. Hemen esku lan handia dago».