Zumarragako hiru neskak Bilboko dantza korearren txapelketa irabazi dute
Zumarragako Pacific Girls taldeak Bilboko manga saloiko dantza korearren txapelketa irabazi du. Talde hau La Salle-Legazpiko hiru ikaslek osatzen dute: Maria Alonso, Sandra Ruiz de Viñaspre eta Ainhoa Zalduak. Hiru
Zumarragako Pacific Girls taldeak Bilboko manga saloiko dantza korearren txapelketa irabazi du. Talde hau La Salle-Legazpiko hiru ikaslek osatzen dute: Maria Alonso, Sandra Ruiz de Viñaspre eta Ainhoa Zalduak.
Hiru neska hauek Batxilergoko lehen maila egingo dute datorren urtean eta Japonia eta Koreako musika eta telesailak izugarri atsegin dituzte. Telebista eta Internet bidez zaletu ziren. «Mundu hori oso deigarria iruditzen zaigu. Japonia eta Koreako moda, marrazki bizidunak, telesailak, dantza, musika… atsegin ditugu. Youtuben, kpop jarrita, bideo asko azaltzen dira».
Gainera, inguruan antolatzen diren manga saloietara joaten dira. Euskal Herrian Bilbon, Donostian, Irunen eta Getxon antolatu dituzte saloiak orain arte. Topaketa horietan Japoniako produktuak saltzen dituzte eta ikuskizunak eta tailerrak egiten dituzte.
Hiru neska hauek, manga saloietara joateaz gain, Pacific Girls dantza taldea osatu dute. Koreako pop taldeen kantak dantzatzen dituzte. Legazpi dorretxeko parkean elkartzen dira entseatzeko. Orain arte hiru lehiaketatan parte hartu dute. Lehenengoan aipamen berezia jaso zuten.
Igandeko txapelketa Euskalduna jauregiko manga saloiaren barne antolatu zuten. Zortzi taldek parte hartu zuten. Zumarragarrek Hego Koreako bi pop talderen kantak dantzatu zituzten: Exid taldearen Lie eta BTS taldearen Fire. «Irabazteko aukerak genituela ikusi genuen eta dena ematen saiatu ginen. Jende asko zegoen dantza txapelketa ikusten eta oso pozgarria izan zen irabaztea», aipatu dute.
Beraien ametsa egunen batean Asiara bidaiatzea da. «Gure ametsa egunen batean Japonia eta Hego Koreara joatea da. Herrialde bakoitzak bere berezitasunak ditu eta biak ezagutu nahi ditugu».
Oraingoz ez dira Asiara joango, baina bai Port Aventurara: ikasbidaia egingo dute. Bihar aterako dira, gelako gainontzeko lagunekin. «Txapelketa irabazi eta berehala Whatsapp bidez jakinarazi genien eta denek zoriondu egin gaituzte», amaitu dute.