«Entrenatzean eta kilometroak egitean dago sekretua»
Aritz Urra (Lazkao, 2000) txirrindulariak Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri du kadeteen 2. mailan, Oñatin. Atleta, futbolaria, txirrindularia… zaila da Aritz Urraren kirol ...
Aritz Urra (Lazkao, 2000) txirrindulariak Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri du kadeteen 2. mailan, Oñatin. Atleta, futbolaria, txirrindularia… zaila da Aritz Urraren kirol ibilbidea hitz batez definitzea. Une honetan, txirrindularitzan dabil buru-belarri Inoxcra-Beasain taldean.
Lehenik eta behin, zorionak garaipenagatik. Nola ikusi zenuen zure burua lasterketan?
Oso gustura, egia esan. Ez nuen halakorik espero. Karreran zehar ongi moldatu nintzen, eta garaipenak asko asebete ninduen. Udanako mendatean pasa nuen estuen, hamabost bat txirrindulari lasterketa-buruan jarri ginenean.
Garaipena bereziagoa izango zen zure urtebetetze egunean lortuta, ezta?
Justu goizean, lasterketaren aurretik, komentatu genuen oparirik honena hori izan zitekeela, eta hala izan zen. Urte batzuk barru hau kontatzea anekdota polita izango da, bai.
Nola doa denboraldia?
Maiatzean hasi nintzen txirrindularitzan, ordura arte futbolean ibili naizelako. Zentzu horretan, badakit nire taldekideak ni baino prestatuago daudela, azken finean askok urte osoa ematen dutelako horretan. Entrenatzean eta kilometroak egitean dago sekretua.
Denboraldiaren erdia egin duzue. Gerorako zer asmo duzu?
Nire asmoa denboraldia amaitzea da. Nahiz eta gero ziur ez jakin zer egingo dudan, udazken aldera jubenilekin parte hartzeko aukera izango dugu. Ziurrenik negu aldera gimnasioan entrenatuko dut, eguraldia hobetzen denean errepidera itzultzeko.
Goierrin txirrindularitzak indar handia du gazteen artean.
Bai, gazte asko gabiltza. Gure taldean, esate baterako, aurreko ikasturtean 10 ginen eta aurten 15 gara. Gure artean harreman ona dugu, eta lagunak egiteko oso kirol egokia da. Era berean, erreferentetzat ditugun txirrindulariak ingurukoak izatea ere motibagarria da.
Futbolean ere bazabiltza. Eta atletismoan ere ibilitakoa zara. Non kokatzen duzu zure burua?
Egia esan, kirol guztiak praktikatzea gustatzen zait, baina hainbat ezaugarri direla eta, elkarrekin konbinatzeko zailak dira. Dena den, futbolarekin amaituta txirrindularitzari ekinda, gustatzen zaizkidan kirolak konbinatzen asmatu dudala esango nuke. Datorren urtean, ziur aski, bi kirol horien artean aukeratu beharko dut.
Nola koordinatzen dituzu kirolak ikasketekin?
Aurten egia esan, ongi moldatu naiz. Baina hurrengo urtean Batxilergoko lehen mailan hasiko naizenez, ziur aski ikasketetan gehiago zentratu beharko dut. Ea denerako denbora ateratzea lortzen dudan, izan ere, edozein kiroletan ibiltzeak denbora eta dedikazio handia eskatzen ditu. Txirrindularitzan, esate baterako, astean bost egunetan entrenatzen dugu.