Uztailaren 8an 18:00etan Ehunmilak eta 23:00etan Goierriko Bi Handiak ultra trail probak abiatuko dira Beasaindik; uztailaren 10ean, 09:00etan Marimurumendi maratoia.
Bihar zortzi, hilaren 8an, 18:00etan, abiatuko da Ehunmilak lasterketaren zazpigarren edizioa. Gaur egin dute ultra trail proben aurkezpen ofiziala Arrastaka Mendi Taldeko, Beasaingo Udaleko, Euskal Herriko Mendi Federazioko, Ternuako eta Goiturreko ordezkariek, urtero boluntarion ikur izaten den kamiseta jantzita. Urtero kolore desberdin bat izaten du boluntarioen elastikoak, eta aurten marroi argi kolorekoa da. Ehunmilak lasterketa amaitzen duten korrikalariei ematen zaien txamarra ere aurkeztu zuten. Guztia, Ternua etxekoak.
Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango dute aurtengo 168, 88 eta 42 kilometroko hiru probek: 1.100 korrikalaritik gora izango dira Loinazko San Martin plazako irteeran. Euskal Herritik kanpo inoiz etorri den korrikalari kopuru handiena etorriko da: munduko 17 herrialde desberdinetakoak.
Antolakuntza lanean ariko diren boluntarioak ere inoiz baino gehiago izango dira, 1.500 inguru. Antolakuntzakoak eta boluntarioak buru belarri ari dira azkeneko prestakuntzetan. Eguraldia antolatu ezin daitekeen gaia bada ere, Mikel Valdivielso Arrastaka Mendi Taldeko arduradunak atzoko aurkezpenean aurreratu zuenez, «iragarpenak ez dira txarrak».
Berrikuntzak
Korrikalarien erosotasunari begira, hainbat berrikuntza egin dituzte aurten. Batetik, pasta partyrako, karpa berezia jarriko dute Igartza inguruan, horrela «300 laguni batera jateko gai izango gara».
Bestetik, Etzegarateko eta Lizarrustiko anoa postuak ere handitu egingo dituzte. Gune horietan, hondakinen kudeaketa egokirako, korrikalariek horrela eskatuta, Sasietarekin batera, edukiontzi bereziak jarriko dituzte.
Korrikalarien segurtasunarekin lotuta, azkenik, hiru egunetan izango diren mediku guztiak, larrialdietako medikuak izango dira: «Medikuen ordu kopurua igo egin dugu. Guztira, 228 ordu beteko dituzte». Ohi bezala, Gurutze Gorriak ere parte hartze zuzena izango du.
Atzoko aurkezpena elkarri eskerrak emateko ekitaldia izan zen. «Babesleei, kolaboratzaileeta boluntarioei eskerrik asko», esan du Valdivielsok.