N-1 errepideak izango dituen hiru ordainsarietako bat jarriko dute bertan. Kamioi guztiek ordaindu beharko dute.
Kamioi bat Etzegarateko portuaren gainera iristen. N-1ak izango dituen hiru ordainlekuetako bat jarriko dute bertan.
Hainbeste eztabaida eta gora-beheraren ondoren, Etzegaraten bidesaria ordaindu beharko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du uztailean irekiko duela ordainlekuak jartzeko lanen lizitazioa, eta beranduenez, 2018ko urtarrilaren 1ean jarriko dute martxan ordainketa sistema berria. N-1 errepideko hiru puntutan jarriko dituzte ordainlekuak: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten.
Batzar Nagusiek eskatuta 2010. urtean egindako errepideen finantzaketaren txostena hartu dute oinarri moduan, bidesari berria ezartzerako garaian. Hala, N-1 errepidea erabiltzen duten kanpoko kamioiek ere ekarpen ekonomikoa egitea nahi dute batetik, eta bestetik, zirkulazio pilaketak arintzea. Arreta kanpoko kamioietan jarri badute ere, bertakoek ere ordaindu beharko dute bidesaria.
Aldundiak emandako datuen arabera, egunean 12.000 kamioik erabiltzen dute N-1 errepidea, eta horietatik %60 atzerrikoak dira. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, bidesariak bertako garraiolariengan izango duen “eragina murrizteko ahalegina” egin dute, baita Europatik datorren zuzentarauak ez du jatorriaren arabera bereizketarik egitea onartzen. Zuzentarau horrek dio, gainera, Europa zeharkatzen duen ardatzean dagoen errepide nagusien mantentzea, bidesarien bidez egin behar dela.
Ohiko ordainlekurik gabe
Bidesaria kobratzeko
AT sistema erabiliko dute,
free flow teknologian oinarrituta. Ordainlekuetan arku moduko batzuk jarriko dituzte, eta ibilgailuek ez dute bertan gelditu beharrik izango ordainketa egiteko. Arku horietan jarritako gailu elektronikoek, ibilgailuen bolumena neurtu, matrikula irakurri eta
T Bidea izeneko ordainketa sistema duen detektatuko dute. Sistema hori dutenek, gailu horren bidez egingo dute ordainketa.
Etzegarateko bidesariaren zenbatekoa zehaztu gabe dago oraindik, baina dagoeneko bere kalkuluak egiten hasia da aldundia. Bidesari osoa “kamioieik bakarrik” ordainduko dute, eta gehienez 10 eurokoa izango dela aurreikusi dute, Andoainen ordaintzen den kasuan. Idiazabal-Etzegarate zatiagatik, berriz, 3,50 euro baino gutxiago ordaindu beharko litzateke. Prezio horiek ordea, “behin-behinekoak” direla eta batzar nagusien oniritzia behar dutela azaldu du aldundiak.