Irailaren 11n jokatuko da, 25 kilometroko ohiko ibilbidean. Lasterketa laburra ere jarri dute. Alberto Zerainek Himalayako hiru espedizioren berri eman du
Idiazabalgo Axari Trailaren 4. ekitaldia irailaren 11n jokatuko da, igandearekin, Idiazabal inguruko mendietan. Mendi lasterketen Euskal Herriko txapeldunak lasterketa horretan izendatuko dituzte, aurten ere. Ohiko ibilbidea izango du, 25 kilometro luzekoa, herrigunean hasi eta bukatu. Gaur aurkeztu dute Axari Traila, Idiazabalgo Kirolaren Astean, eta baita antolakuntzak ondu duen webgune berria ere.
Bideari dagokionez, aldaketa nabarmenena anoa-postuen berrantolaketa da. Ojarbikoa (3. kilometroan zegoen) kendu, eta Hirumugatara (5. km) aldatu dute lehenengoa. Ibilbidean denera 6 gune egongo dira: Hirumugata, Artteitta-1 (9,1. km), Izuzko (11,5. km; berria da hau), Etzegarate (14,3. km), Artteitta-2 (18,4. km) eta Atxurbi gainean (21,3. km).
Irailaren 11n, lasterkariak 09:30ean abiatuko dira. Proba nagusiaren ondoan, Axari Trail Txikia ere izango da, 16 kilometro luzekoa. Kadete nahiz junior mailetako gazteek, eta ibilbide luzea osatu nahi edo ahal ez duten gainontzeko guztiek parte har dezakete Txikian. Iaz ere aukera irekita utzi zuten, eta estimu handiarekin erantzun zioten korrikalariek.
Webgune ilustratua eta informazioduna
Izen-ematea zabaldu dute, dagoeneko.
Kirolprobak.com plataformaren bidez. Proba nagusian 300 atletarentzat tokia dago, eta jada 150 lagun apuntatuta daude. Txikian, 20 bat. Iazko kopuruetara iristea espero du antolakuntzak. “Etortzen dena ondo tratatuko dugu”, aurreratu dute.
Antolakuntza taldeko Aimar Lizarazu, Axari Trailen webgune berritua aurkezten./Aimar Maiz
Euskal Herriko Mendi Lasterketen Federazioaren araudiak balioko du, Euskal Herriko Txapelketa delako. Horrez gain, Goierriko Trail Kopako 4. eta azken proba puntuagarria ere izango da Axari Traila.
Axaritrail.eus webgune berritua aurkezteko baliatu dute gaurko aurkezpena. Diseinuz, atalez eta edukiz erabat aldatu dute aurrekoa. “Ilustratua” izateaz gain (argazki-ibilbidea sartu dute, entrenatu nahi duenak parajeak ezagutu ditzan), probaren inguruko informazio guztia webgune horretan argitaratuko dute, gero sare sozialetan zabaltzeko.
Alberto Zerainen hiru espedizioren ikus-entzunezkoak
Axari Traila aurkeztu ondoren, eta iazko probako irudien muntaia jarrita, Alberto Zerain alpinista arabarrak ikus-entzunezkoak eskaini ditu. Hiru espedizioren berri eman du, pantaila handiak bideoak jarrita ahoz jakingarriak erantsiz. Broad Peakeko iazko igoera, K2 menditzarrean 2008 tamalgarri hartan egin zuten igoera, eta aurtengo maiatzean Dhaulagiriko tontorra nola zapalduen erakutsi du.
Alberto Zerain alpinista arabarra, gaur Idiazabalen./Aimar Maiz
Kirol Astearekin jarraitzeko, bihar (ostirala) 3×3 saskibaloi txapelketa eta II. Argazki Digitalen Lehiaketako sari emate ekitaldia dituzte, Idiazabalgo Kirol Elkarteko mendi sailak antolatuta.