Berdintasun plana onartu zuten momentua. / Arg.:Maialen Igartua
Ekaineko osoko bilkura izan zuten atzo Legazpiko Udalean. Beste puntu batzuen artean, Legazpiko Udal Euskaltegia fundazio publikoa desegitea onartu zuten. Euskaltegia ez da desagertuko, baina aurrerantzean udaletxearen zerbitzu bat izango da. Aho batez onartu zen proposamena.
Euskaltegiko egungo langileak
udaletxeko langile izatera pasako dira. Irakasleek irakasle postua mantenduko dute. Euskaltegiko administrariarentzat, berriz,
plaza berri bat sortu dute udaletxeko administraritzan. Alkatetza saileko administrari lanak egingo ditu aurrerantzean, eta komunikazioaz ere arduratuko da.
Ardiaren Kofradiako estatutuak, onartuta
Bestalde, Ardiaren Kofradiako estatutuak onartu zituzten atzoko bilkuran. Era berean, udaletxea kofradiako bazkide izatea onartu zuten. Hain zuzen ere,
Koldobike Olabide izango da kofradiako ohorezko lehendakaria.
Gai horrek eztabaida sortu zuen. Irabazik eta EH Bilduk
informazio eta transparentzia falta leporatu zizkien gobernu taldeari. Besteak beste, udaletxeko diru publikoa kofradiarako nola bideratuko den da Irabaziren eta EH Bilduren kezken iturria. Bi alderdiek abstentzioa bozkatu zuten, baina EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen puntua.
Eskualdeko II. Berdintasun Plana
Azkenik, Eskualdeko II. Berdintasun Plana onartu zuten bilkuran, aho batez. Mankomunitateak landu du berdintasun plana, eta lehengoaren jarraipena da.