Nazioarteko LGTBI+ harrotasun eguna ospatu da Ordizian
Ekainaren 28a Nazioarteko LGTB (Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexual) Harrotasunaren Eguna izan zen. Horregatik Goierriko Zubiak (Goierriko LGTBI+ taldeak) deituta, prentsaurrekoa egin zen Ordiziako Barrena Kultur Etxearen kanpoko aldean. Ander Matxain Goierriko Zubiako kide da, «asko dira gaur egun esan nahi genituzkeenak, asko dira esan behar genituzkeenak, tamalez. Oraindik ere asko direlako alor honen inguruan esan beharrekoak» adierazi zuen. «Jipoiak, mehatxuak, irainak, hilketak…ez dira amaitu» gehitu zuen eta «nahikoa da!» . «Edonolako egoera onartezina pairatu duen guztiari gure babesa eskaini nahi genioke» nabarmendu zuen Matxainek.«Guztion ardura da, hirian zein herrian, eskolan zein etxean, frontoian zein baserrian egon badauden koloreak ikustea eta onartzea» adierazi zuen Gemma Urteagak Goierriko Zubiako kideak.Prentsaurrekoaren ondoren, giro ezin hobean bertso-triki-poteoa egin zuten Ordiziako kaleetan zehar.