Nobedadeak eta saltzaile berria
Piper mota asko mahairatu dira, eta fruitu gorrien aukera polita izan da ekaineko azken azoka honetan, indiar mahats eta guzti. Urki Balerdi sukaldariak txi du gerezien hilabetea.
Piperrak nabarmen ugaritu dira Ordiziako azokan. Ozpinetakoa (10-12 euro artean kiloa) izan zen aitzindari eta orain italiar gozoa (4-5 euro), luze eztia (6 euro) eta morroa (4-5 euro) gehitu dira zerrendara.
Luzokerren aukera ere zabaldu da, luzokertxoak gehituz, txiki direla jaten baitira. Lehen berenjena edo alberjinia ere salgai zen, 2 euroan kiloa. Leka gorria ere bai; gozo fama du eta gorritasuna egostearekin bat galtzen badu ere, oraindik ez da leka arrunta bezain beste saltzen eta, ondorioz, askoz gutxiago ekoizten dute. Zaldibiako Kontxi Arizagarenak, aire librekoak, izan dira lehenak, kiloa 4 euroan.
Fruituei dagokionez, gorrien garaian segitzen dugu; marrubia eta gerezia ez ezik, atzo baita aran gorria eta indiar-mahatsa ere baziren. Aramakoak denak, Arizmenditarren eta Zurutuzatarren postuetan zeuden.
Mikologia atala, berriz, eraberritzen ari da. Oraindik hemengorik ez, baina ia onddoak gain hartu dio zizari, kopuruan eta prezioan. 140 bat kilo onddo ziren salgai, 14-28 euroan kiloa, ziza hori batzuk 18 euroan eta azken udaberriko zizak, jadanik bere onena emandakoak, 50 kilo, 20 euroan kiloa. Datozen bi astetan Lasa ez denez etorriko, horien falta nabarituko dugu.
Landare usaindunak
Mujika batek beste bati lekukoa pasatu dio. Atzo estreinakoz Azpeitiko Loiolako Atxola mintegiko Unai Mujika azkoitiarrak sekulako landare aukera aurkeztu zuen. Feriara etorriz urte asko egin dituen Baliarraingo Gorostartzu baserriko Maria Jesus Mujikaren tokian da. Aukeran usaindun eta senda belar asko zituen salgai, besteak beste salbia, erromeroa, erruda, menta, oreganoa, albaka eta estibia, bai potetan nahiz sortatan. Prezioa 1,5-5 euro artean zuten, motaren arabera. Jende asko gerturatu zen eta «Zertarako?» eta «Nola erabili?» galde-erantzun sorta jaso zuen lehen goiz horretan azkoitiarrak. Fruitu gorrien landareak, ukenduak eta dultzeak ere salgai zituen.
«Horrelakorik oraindik!» ere entzun zen postu horren inguruan. Izan ere, belar sorten artean hain latosotzat dugun barrabas belarra ere agerian zuen. Hozkatu, eta ozpin gustua sumatzen zaio. «Entsaladetan 4-5 hosto botatzeko aproposa da; belar txarra denaren uste hori kendu egin behar diogu» zioen Mujikak: landareak salduz, jakinduria zabaldu.
Adio gerezien hilabeteari
Urki Balerdi Rubiorena jatetxeko sukaldariak errematea eman zion atzo gerezien hilabeteari, gazta eta sardina moussa gerezi ozpinarekin eta gerezi dultzedun jogurt aparra prantatu eta dastatzera emanez.













