Antzutu ondoren, aske utziko dituzte berriro ere. Lau Katu elkartea arduratuko da tratamenduaz. Aste honetan hasi dira tratamenduarekin, Aizkorri kaleko etxeen atzealdean

Legazpin kontrolatu gabeko 140 katu inguru daudela kalkulatzen du Lau Katu elkarteak. Katu horiek koloniatan antolatuta daude, eta kolonia bakoitzak hamar eta hogei katu artean ditu. Koloniak kontrolpean izateko eta neurri gabe hazten ez jarraitzeko helburuarekin, Lau Katuk CES sistema jarri du martxan, udalarekin elkarlanean:
capturar, esterilizar y soltar (harrapatu, antzutu eta askatu). Astelehen gauean hasi ziren, eta dagoeneko harrapatu dute katuren bat edo beste.
Katuak harrapatzeko, kaiolak jarri dituzte. Momentuz, Aizkorri kaleko 3 eta 9 etxebizitzen atzealdean ari dira kaiolak jartzen, zonalde horretako koloniak kontrolatzeko. Katuak harrapatutakoan, albaitariarengana eramaten dituzte. «An- tzutzeaz gain, bizkarroiak kentzen dizkiete katuei, eta osasun egoera hobearekin itzultzen ditugu beren ingurunera», azaldu du Unai Fragosok, Lau Katu elkarteko kideak.
Kolonia bakoitzeko katuen %80 inguru harrapatzea da asmoa. Fragosoren arabera, beste herri batzuetan ere erabili izan dute CES teknika, eta emaitza onak ematen ditu. Gipuzkoan, esaterako, Andoainen erabiltzen dute sistema. Bartzelonan ere erabiltzen dute. Izan ere, kontrolpean ez dauden katu kolonien arazoa ez da Legazpikoa bakarrik. Fragosoren hitzetan, herri gehienek dute arazo bera.
Bizilagunen kolaborazioa
Batez ere, inguruko bizilagunei eragiten diete kontrolatu gabeko katuen koloniek. «Katu emeak arreske jartzen direnean, zarata handia ateratzen dute», azaldu du Fragosok. Katuak antzututa, gehiago ugaritzea saihesteaz gain, zarataren arazoa ere saihesten da. «Antzutuz gero, sexulitate sena galtzen dute, eta ez dira arreske jartzen».
Bestalde, bizilagun batzuek jana ere ematen diete, eta horrek zikinkeria eragiten du. Arazo hori saihesteko, legazpiarrekin hitz egin dute Lau Katu elkarteko kideek, eta etxeko jakirik ez emateko eskatu diete. Lau Katu elkartekoak arduratuko dira katuei pentsua emateaz.
Prozesua ongi joan dadin, bizilagunen laguntza eskatu dute Lau Katu elkarteko kideek. Katuei janaririk ez emateko eskatzeaz gain, katuak harrapatzeko jarritako kaiolak lekuz ez aldatzeko eskatu diete. Azkenik, norbaitek modu aktiboan lagundu nahiko balu, Lau Katurekin edo udaltzaingoarekin harremanetan jar daiteke.
Tratamendua hilabetez luzatuko dute, eta ongi ateratzen bada, herriko beste zonalde batzuetan ere egingo dute.