Akordiorik gabe bukatu da Estandako langile batzordeak zuzendaritzarekin egindako bilera
Pasa den ostegunean Beasaingo Estanda enpresako zuzendaritzak hamar langile kaleratzea erabaki ondoren, gaur dute greba mugagabeko lehenengo eguna. Langileak goizean goizetik elkartu dira enpresaren kanpoaldean, Despido ez zioen pankarta zabalduta.
10:30ean, langile batzordekoak enpresaren kudeatzailearekin eta abokatuarekin elkartu dira, hamar langileak berriz hartzeko eskatzeko. Sindikatuek Hitzari jakinarazi diotenez, “akordiorik gabe” bukatu da bilera. “Oso jarrera itxia izan dute”, gaineratu dute eta enpresako langile batzordeak eskatutako hiru puntuei ezezkoa esan die.
Batetik, kaleratutako hamar langileak berriz hartzea eskatu dute. Bestetik, lan uzteko prest dauden boluntarioekin prozesu bat hastea enpresak diru bat eskainiz. Eta hirugarrenik, enplegua bermatzea. “Lanean gelditu diren gainerako langileei enplegu garantia eskaintzea. Ez dakigu oraingo egoerari irtenbidea bilatuko diogun ala ez, baina etorkizunean ez dadila berriz horrelako egoera bat gertatu. Langileen artean krispazioa sortzen da eta”.
Bihar batzarra egingo dute berriz langileek eta orduan erabakiko dute beste bilera bat egin ala ez. Bitartean, greban jarraituko dute Estandako langileek.
Biharko Hitzan informazio gehiago.