Asteburuan Santa Marina jaiak ospatu dituzte Aztiria auzoan, giro ederrean .Mendi lasterketaren ibilbidea dezente aldatu dute aurten, eta parte hartzaile kopurua ia bikoiztu egin da iaztik
Aztirian jaiak izan dituzte asteburuan, eta, dudarik gabe, mendi lasterketa izan da ekitaldi jendetsuena. Igandean egin zuten, eta 52 lagunek parte hartu zuten. Iaz 28 parte hartzaile izan zirela kontuan izanik, lasterketak arrakasta izan duela esan daiteke. Izan ere, antolatzaileek ibilbidea dezente aldatu dute aurtengoan, jendea erakartzeko asmoz.
Juanjo Igartzabal zumarragarra izan zen helmugaratzen lehena. 50 minutu eta 27 segundo behar izan zituen 10,5 kilometroko ibilbidea osatzeko. 29 segundora iritsi zen metara Asier Katarain zegamarra, eta bi minutu eta 51 segundora Sergio Garcia oñatiarra.
Emakumeetan, Veronica Dominguez gasteiztarra izan zen lehen sailkatua. Ordubete, bederatzi minutu eta 37 segundoan egin zuen ibilbidea, eta 26. postua lortu zuen sailkapen orokorrean. Bigarren emakumea Antxine Kerejeta legazpiarra izan zen, 01:17:35 denborarekin, eta hirugarrena Garazi Golmaio zaldibiarra, 01:18:00 denborarekin.
Auzotarrek ere parte hartu zuten lasterketan. Gaizka Romero izan zen auzoko lehena. Laugarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean; 53 minutu eta 53 segundoan iritsi zen metara. Emakumeen artean, Eresti Oiarbide izan zen auzoko lehenengoa. 01:23:28 denbora egin zuen.
Miren Deba antolatzailearen hitzetan, lasterketan egin dituzten aldaketek harrera ona izan dute parte hartzaileen artean. Lehen, ibilbidea inguruko baserri guztietatik pasatzen zen, eta korrikalariek bi itzuli eman behar zizkioten zirkuitoari. Aurten, baserrien albotik pasatzeaz gain, mendi aldera eraman dute lasterketa. «Korrikalariek esan dute gogorragoa zela aurtengo ibilbidea, baina gustatu zaie», esan du Debak. Bezperan ibilbideko marka batzuk kendu zituen norbaitek, eta horrek nahaste txiki batzuk eragin zituen, baina inor ez zen galdu.
Beste lehiaketen emaitzak
Mendi lasterketaz gain, beste hainbat ekitaldi ere izan dira asteburuan. Debaren esanetan, aurreko urteetan baino jende gutxiago animatu da, baina giro ederrean pasa dituzte jaiak. Ostiralean auzotarren arteko mus txapelketa egin zuten, eta Jabier Zabaletak eta Bittor Gabiriak irabazi zuten. Auzo afaria ere egin zuten. «Oso giro ona izan genuen, eta goizaldera arteko parranda egin genuen».
Larunbatean, helduen eta gazteen arteko futbol partidan, gazteak izan ziren garaile. Hiru eta huts irabazi zuten. Patata tortilla lehiaketan, berriz, hamabi bikotek parte hartu zuten. Bertan, Aritz Agirrek eta Mikel Zuriarrainek irabazi zuten.
Bola txapelketak ere izan dira Aztiriko jaietan, egun bakoitzean bat. Ostiralean auzotarren artekoa jokatu zuten, eta Ion Agirrek irabazi zuen. Larunbateko bola txapelketan, berriz, Pedro Lazkano izan zen irabazlea. Azkenik, igandean, lurralde mailako bola txapelketa jokatu zuten. Naiara Peñagarikano gabiriarrak irabazi zuen, Iñaki Maiz izan zen bigarrena, eta Felix Maiz hirugarrena.