Urtarrilean hasiko da Antzuola eta Bergara arteko errepideko obra
Markel Olano ahaldun nagusiak GI-632 errepidea bukatzeak Goierri garaiko ekonomiari mesede egingo diola esan du. Bost kilometroko luzera izango du eta aurrekontua 46 milioikoa da
Diputatu kontseiluak GI-632 errepidea bukatzeko falta den zatia lehiaketara ateratzea eta Bidegiri obra hori egiteko agintzea onartu du. Obra azaroa bukaeran esleituko da eta lanak urtarrilean hasiko dira. 2019rako bukatzea espero dute.
Markel Olano ahaldun nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak prentsaurrekoa eman zuten atzo horren guztiaren berri emateko.
GI-632 berria bukatzeko Antzuola eta Bergara arteko zatia bakarrik falta da. Aurreko legealdian EH Bildu zegoen Aldundian eta obra gelditu zuen asko garestitu zelako. Iaz EAJ heldu zen Aldundira eta egitasmo horri lehentasuna eman zion. Proiektu berri bat egin du.
Olanok atzokoa Gipuzkoarentzat «egun handia» izan dela dio. «Legealdi honetako obra garrantzitsuena da. Bost kilometroko zati honekin Gipuzkoako biribilgunea, ahalmen handiko sarea, bukatuko dugu. Gainera, Gipuzkoan erronka handiei aurre egiteko ahalmenik ez genuela zirudien eta sentsazio horrekin bukatu dugu. Hori guztia, urte- betean lortu dugu. Baita bidesarien sistema martxan jartzea eta zaborren kudeaketaren arazoa konpontzea ere».
Gipuzkoako biribilgunea A-8, AP-1, N-1, A-15 eta Beasain-Bergara errepideek osatzen dute. Onura asko ekarriko dituela esan zuen. «Bailara guztiak lotzen ditu eta, gainera, gipuzkoar guztiek errepide sare hau 15 kilometro baino gutxiagora izango dute. Irisgarritasuna, bizi kalitatea eta oreka ekarriko ditu».
Ekonomiari ere mesede egingo diola aipatu zuen. «Debagoiena, Urola Garaia eta Goierriko enpresei mesede egingo die, Deskarga beti arazo iturri izan baita: denbora galtzea, arriskua… Gainera, Arcelorren itxiera pairatu duen Urola Garaian industria indartzeko balioko du. AP-1 errepidearekin lotura izango du eta horrek enpresen lehiakortasuna handituko du». Bukatzeko, Bide Azpiegituren departamentua zoriondu zuen.
Oiarbidek obra horrek arazo handiak eman dituela gogoratu zuen. «Bost kilometroko zatian denetik erori da eta proiektu berriak arazo hauei aurre egin behar izan die. Baita dagoeneko eginda dauden azpiegiturei moldatu ere. Ohikoa ez den geologia lana egin dugu. Izan ere, zati hau Gipuzkoako biribilguneko zailenetakoa da. Mendia eusteko 25 metroko altuera duten hormak egingo ditugu. Neurketa asko egin ditugu eta gerta daitezkeen arazo ia guztiak aurreikusi ditugu. Guztiak aurreikustea ezinezkoa da».
Aurrekontua 46 milioikoa izango da. «Aurreko proiektua bukatzeko 33 milioi behar zirela kalkulatu genuen, baina proiektu honek ez du zerikusirik harekin. Errepide hau seguruagoa eta sendoagoa izango da». Oiarbidek bai autoek eta bai kamioiek bidesaria ordaindu beharko dutela aurreratu zuen.
Urretxun aurkezpena
Antzuola-Bergara errepidea Urretxun aurkeztuko dute bihar: 18:00etan udaletxean. Herritarrek galderak egiteko aukera izango dute. Ekitaldian, Oiarbidek, Jose Mari Sarasola Antzuola-Bergara zatiaren zuzendariak, Silvia Perez errepideetako zuzendariak eta Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendariak parte hartuko dute.













