Bihar lehenengo ‘bataio zibila’ egingo dute Zumarragako udaletxean
Mendetan zehar eliza katolikoa arduratu da bataio, ezkontza eta hiletez munduko txoko honetan. Gauzak aldatzen ari dira, ordea. Dagoeneko gehiago dira zibiletik ezkontzen direnak elizatik ezkontzen direnak baino eta mundura
Mendetan zehar eliza katolikoa arduratu da bataio, ezkontza eta hiletez munduko txoko honetan. Gauzak aldatzen ari dira, ordea. Dagoeneko gehiago dira zibiletik ezkontzen direnak elizatik ezkontzen direnak baino eta mundura ongi etorria emateko eta agurtzeko ere ekitaldi zibilak antolatzea ohiko bihurtzen ari da. Zumarragan bihar egingo dute lehen bataio zibila.
Ekitaldi hori, hiritargora ongi etorria, Ines Benitezek eta Sergio Secok antolatu dute beraien alabentzat: Alba eta Paula. Udaletxe atzeko Clara Larrañaga parkean egingo dute, 11:30ean. Eguraldi txarra egiten badu, udaletxeko pleno aretoan egingo dute. Ekitaldia Unai Orbegozo Irabaziko zinegotziak gidatuko du.
Benitezek alabentzat festa bat antolatu nahi zutela esan du. «Normala denez, gure senitartekoek festa bat antolatu nahi zuten gure alaben jaiotza ospatzeko. Nire amaren aldekoak eta nire bikotearen senitartekoak sinestunak dira, baina guk ez dugu elizara joateko ohiturarik. Hori dela eta, Elizarekin zerikusirik izango ez zuen ekitaldi bat antolatzea erabaki genuen».
Udalaren laguntza
Horretarako, udaletxera jo zuten. «Mikel Serrano alkateak udalak aurreikusitako protokoloaren berri eman zigun eta aurrera egitea erabaki genuen». Gidaria ez da alkatea izango, Irabaziko zinegotzia baizik. «Oso harreman estua dugu berarekin, niretzat anaia txikia bezalakoa da, eta ekitaldia berak gidatzea nahi genuen. Gainera, alderdikideak gara. Dena den, alkatea ere gonbidatu dugu, noski. Izan ere, oso ondo portatu da gurekin».
Benitezek beste toki batzuetan ongi etorri ekitaldia haurra erregistroan inskribatu duten egun berean egin dutela ikusi du, baina beraiek duela hilabete batzuk eman zuten haurren jaiotzaren berri. «Apirilaren 14an inskribatu genituen, Errepublikaren egunean. Guretzat oso egun garrantzitsua da», azaldu du.
Beraz, biharko ekitaldian ez dituzte haurrak erregistratuko. Horren ordez, Haurren Eskubideen Hitzarmeneko pasarte batzuk irakurriko dituzte. «Monterrey tabernakoak gure lagunak dira eta beraien alabak, Iraidek, testu bat irakurriko du. Ondoren, Unaik Haurren Eskubideen Hitzarmeneko artikulu batzuk irakurriko ditu».
Aita-ama pontekorik ez da faltako, noski. Paularen aita-ama pontekoak Benitezen anaia (Jose Mari) eta lagun min bat (Raquel) izango dira. Albarenak, berriz, bere osaba-izebak: Jose Manuel eta Bea.
Udaletxeko ekitaldiaren ondoren, bazkaria egingo dute. Santa Barbara aterpetxera joango dira. Manex Buron sukaldariak menu berezia prestatuko du bi txikiei mundura ongi etorria emateko festa ahaztezina izan dadin.