Javi Perlines: «Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak»
Gogoeta garai bat pasatuta, emaitzei begira baino gehiago proiektua sendotzeko lanean jarri du indarra Ordizia Rugby Elkarteak. Perlinesek dioenez, taldeetan eta zaleen artean ilusioa zabaltzea izango dute xede.
«Hausnarketa serio bat egin dugu; jende askok parte hartu du, eta elkartu garenok ilusio handiarekin gaude» «Gazte asko daude lehen taldean, eta, egoki prestaturik egon daitezen, egokiena beteranoak ondoan izatea da»Zuzendaritza berri honekin aro berri bat ireki nahi duzue. Zein oinarri sendotu nahi dituzue aro berri horretan? Batik bat, guk dugun ilusioa taldeetan eta zaleen artean zabaltzea, hori da lehenengo gauza. Ilusioa, Altamira zelaia berriz ere jendez beterik ikustea, klubari eta lehenengo taldeari buruz jendeak ondo hitz egitea… Urte oparoak izan ditu Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldeak: 2012an eta 2013an Espainiako Kopa irabazi zuen, ligan ere erregular, eta Altamira gotorleku zela. Zertan ez da asmatu azken denboraldietan? Ez dakit, baina giroan zerbait arraroa sumatu da. Pasio hori galdu egin dela dirudi, baina hori barrutik kanpora transmititu behar da, eta lan hori da bereziki egiten ari garena. Espainiako Kopa bi urtez jarraian irabazi genuen, hori egia da, baina urte bat lehenago mailari eusteko hil ala biziko partida bat jokatu genuen Sevillan. Pentsa gauzak nola aldatzen diren urte batetik bestera. Etxekoen ilusioan dago gako nagusia. Egia da lehen taldean belaunaldi aldaketa bat-batekoa izan zela, eta jende oso gazteak heldu behar izan ziola lehen taldeari. Partida batzuetan alde handiz galdu dute, eta horrek beldurra ere sorrarazten du, proiekzio handia daukaten gazteak errugbia uztera irits baitaitezke. Etxeko jendea heztea izan da klubak historikoki izan duen erronketako bat. Zer espero duzue gazte horietaz? Pazientzia eduki behar da. Jokalari oso onak dira, lan asko egiten dute, eta errugbia zer den badakite. Eta hori guztia beheko mailetan egon direnean egin duten lanarengatik eta eduki dituzten entrenatzaileengatik izan da. Giro oso ona daukate taldean, eta horrek esan nahi du goizago edo beranduago emaitza oso onak lortuko dituztela, ziur nago. Fitxaketak ere egiten ari zarete. Orain arteko entzutetsuena Julen Goiaren itzulera da. Zer profiletako jendearekin osatu nahi duzue taldea? Fitxatu berriek Ordizian denbora asko pasa dezaketela pentsatu nahi dugu, eta etxeko gazteen formakuntzan ere lagunduko dute. Gazte asko daude lehen taldean, eta, formazio egokia izan dezaten, jokalari beteranoak ondoan izatea da egokiena, jokalari zailduak. Lehen lerroa asko indartu dugu, eta beste postuak ere bai, eta uste dugu horretan asmatzen ari garela. Etorri direnak eskarmentu handiko jokalariak dira, horietako hiru argentinarrak, eta Julen Goiaren itzulera ere poztekoa da. Jokalari gehiago ere etorriko dira. Eta denboraldi-aurrea? Denboraldi-aurrearen lehen zatia egin dute, orain hamabost eguneko oporraldia izango dute, eta abuztuaren aurrenean hasiko dira berriz. Irailaren 3an jokatuko dugu VRAC Quesosen aurka, eta hilaren 10ean Burgosen aurka. Abuztuaren bukaerarako beste partida bat lotu nahian gabiltza. Denboraldia irailaren 18ko asteburuan hasiko da. Horrez gain, orain gutxi arte Altamiran eta herrian zegoen errugbi giroa berpiztu nahi duzue. Bazkide kanpaina bat egiten ari zarete, 1.000 bazkide izatera iritsi nahi duzue… Oraingoz, gure helburuen artean ez dago ez dakit zer titulu irabaztea. Helburua ilusioa berreskuratzea da, hori da hitzik garrantzitsuena, hori da guztiaren oinarria. Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak, eta idatzita daukagu gainera. Gero beste zerbait etortzen bada, ongi etorria izango da.