Iluntzean sagardo dastaketa egingo dute, eta oilaskoa jarriko dute afaltzeko. Joselu Anaiak 31. urtez izango dira auzoan.
Goruntz dantza taldearen emanaldia gaur eguerdian. / Argazkia: Maialen Igartua
Gaur eta bihar Madalena jaiak izango dituzte Itsasoko, Gabiriako eta Ormaiztegiko Alegi auzoan. Gaur, Madalena eguneko meza izan dute, eta, ohiturari jarraituz, Goruntz dantza taldeko kideek arkua egin diete auzotarrei elizatik ateratzean. Gero, hamaiketakoa izan dute pilotalekuan, baita Goruntzekoen dantza saioa ere.
Iluntzean
sagardo dastaketa egingo dute, 19:30ean. Dozena bat sagardo ezberdin dastatzeko eta pintxoak jateko aukera izango da. Sagardo festari jarraipena emateko,
afaltzeko oilaskoa jarriko dute. Lau lagunentzako bandeja hamabost euroan salduko dute.
Gauean, berriz, dantzaldia izango da
Joselu Anaiekin. 31. urtea dute Alegin, jarraian. Dantzaki dantza eskolako ikasleen emanaldia ere izango da, 21:00etan. Bertan, besteak beste, auzotar batzuek parte hartuko dute.
Bihar herri kirolak
Bihar amaituko dira jaiak. Arratsaldean mus txapelketa egingo dute Zelai Ondo elkartean, eta haurrentzako puzgarriak izango dira. 19:00etan, berriz, herri kirolen erakustaldia egingo dute. Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga ariko dira aizkoran, eta Markel Galparsoro eta Aimar Aierbe korrikan.
Jaiak amaitzeko, 21:00etan afari herrikoia egingo dute, eta ondoren bingoa. Joxe Angel musikari nafarrak girotuko du gaua.